«Kanpokoek taldeko giroa baloratzen dute gehien»

Mikel Iraola 2016ko eka. 17a, 10:29
Unai Artola, Ane Artutxa eta Patxi San Sebastian, sokazko instrumentuekin

Patxi San Sebastian, Ane Artutxa eta Unai Artola musikari tolosarrentzat kontzertu berezia izango da gaur, 20:30ean, Arimaz Orkestrarekin Tolosako Leidorren emango dutena. Esperientzia berria biziko dute talde gisa, sortu eta 10 urtera. Oro har, harizko musikarien esperientzia zelakoa den kontatu dute.

10 urte bete ditu Arimaz Orkestrak. Zein bilakaera izan du taldeak hamarkada honetan?

Patxi San Sebastian: Santa Maria Kapera zen garai batean orkestra batean jotzeko aukera bakarra, baina errepertorio mugatua zuen. Zerbait ezberdina egiteko ideiarekin sortu zen Arimaz orkestra. Ikasle eta ikasle ohiei beste aukera bat eman zitzaien. Denbora honetan egin izan dira gauza ugari, elizako errepertoriotik ezberdinak direnak, baina beti geunden sinfonika batera iristeko gauza horrekin. Azkenean lortu dugu horri aurre egitea.

Beraz, helburutzat zenuten?

P.S.S.: Kontuan izan behar da musikari gehienek ez dutela orkestra sinfoniko batekin jotzeko aukera izan. Zerbait ezberdina da, beste mundu bat da, eta hori probatzeko aukera eman nahi zitzaien.

Zein ezberdintasun daude Kaperako orkestratik, Arimaz Orkestrara?

P.S.S.: Santa Maria kaperakoarekin elizako musika jo izan dugu, gehienbat Mocoroa eta Gorriti. Aldaketa nagusia errepertorioan dago. Barrokoan zentratzen gara gehien: Bach, Händel, Mozart, Debussy... Gauza modernoagoak egiteko musikari gehiago behar izaten dira eta gure proiektuaren aukeretatik ihes egiten du horrek. Garai batean elizak indar gehiago zuen eta jende gehiago joaten zen. Meza bereziak salbu, ez da jende asko joaten, eta gazteak, bereziki, ez dira joaten.

Beteranoena zara, Patxi San Sebastian.

P.S.S.: Bai. Santa Maria Kapera duela bi urte utzi nuen, 42 urteren ondoren. 12 urterekin hasi nintzen han. Orkestrari dagokionez, berez, 2000. urtean sortu genuen, Artizar izenarekin. Lau edo bost urte egon ginen horrela, lehen pausoak eman eta elkarte bezala egituratu arte. Izena hartuta zegoen eta Arimaz jarri genion. Eta hemen jarraitzen dut oraindik.

Unai Artola eta Ane Artutxa, zuek nola eman zenuten orkestran sartzeko pausua?

Unai Artola: Musika Eskolako ikasgaien artean zegoen orkestra txikia. Urte batzuk han egin nituen. Gero Patxiren bitartez Santa Maria Kapera Orkestran sartu nintzen. Lehen kontzertua Gabonetako kontzertu berezia izan zen. Beranduago Nerea, Iñaki eta beste batzuekin batera Arimazen hasi ginen.

Ane Artutxa: Nire prozesua antzekoa izan zen. Orkestra txikian hasi nintzen, Patxik saltoa egiteko esan zidan arte. Hasieran ezin izan nuen futbolagatik, baina gerora, 16 urterekin baiezkoa eman nion.

Zuen kasuan, taldean egin duzuen denbora horretan, nola ikusi duzue taldearen bilakaera?

U.A.: Ni sartu nintzenean, esaterako, gure adineko jende gehiago ikusten nuen. Jende berri gehiago sartzen zen orkestran. Bai, ikusten dut gero eta gazte jende gutxiago sartzen dela orain taldean. Belaunaldi aldaketa hori ematea gehiago kostatzen ari da. Hori bai, gogo eta inplikazio aldetik inor baino gehiago dugu. Ez da orkestra profesional bat, baina giro oso polita dugu, eta nik uste dut horrek bultzatzen gaituela taldean jarraitzera.

A.A.: Askok, gainera, klaseak ez ditugu hartzen dagoeneko. Batzuentzat biolina jotzeko aukera bakarra da orkestra, eta dudarik gabe, Unaik aipatutako giro horrek laguntzen du jarraitzeko.

Belaunaldi aldaketa aipatu duzue. Musika klasikoa askotan helduekin lotu izan da, baina gazte mordoxka bat bazaudete taldean.

U.A.: Bai, baina egia da jendearenganako hurbiltasun hori ez dugula. Kalean, esaterako, ez duzu harizko talderik nola edo hala ikusiko. Jotzen dugun musika estiloak elizetan jotzera behartzen gaitu askotan, eta egia da jendeari arrotza egiten zaiola hori. Tolosako giro txarangeroak agian ere ez du asko laguntzen eta jendeak estilo horren aldeko hautua egiten duela. Gure oinarria beti izan da musika klasikoa eta uste dut horri eusteko gogoa badugula.

P.S.S.: Musika estiloak bakarrik ez, instrumentuen bolumenak ere leku itxietan jotzera behartzen gaitu, gehienetan elizetan.

U.A.: Hala ere egin izan ditugu gauza ezberdinak. Gogoan dut Mariatxiekin egindako bat. Politak dira horrelakoak.

Zer transmititzen dizue orkestrak eta bere musikak?

U.A.: Musika Eskola batean egiten dut lan, eta beraz, eskoletako, kontserbatorioko eta hainbat orkestretako giroa ezagutzen dut. Kanpotik datorren edonork, musikaltasuna baino lehen, daukagun giroa baloratzen du. Horrek bultzatzen du astero ez bada ere, bi astez behin batzea. Badakigu ez garela izugarrizko kalitatea duen orkestra bat, baina gogo hori badugu. Lehen Anek esan duen moduan, kide batzuentzat orkestra biolina jotzen jarraitzeko aukera bakarra da. Beraz, musika ezberdinaz gozatu eta ohitura hori ez galtzeko da bide bat.

A.A.: Azken finean, taldean jarraitzen badugu, biolina gustatzen zaigulako da. Agian ez zaizkigu gustatuko jotzen ditugun kantu guztiak, baina beste asko bai, eta gustura jotzen ditugu. Eta dudarik gabe, giroak laguntzen du.

P.S.S.: Taldeak ez du eskaera profesionalik, horregatik garrantzia ematen diogu giroari. Jendea okupatuta dabilenean entseguak bertan behera uzten ditugu, edo kontzertu ondoren afariak egiten ditugu.

Eta beteranoak nola ikusten du gazteen inplikazioa?

P.S.S.: Nire helburua da nik hasitako horri norbaitek jarraipena ematea. Noraino eta nola? Ez dakit. Agian sekulako taldea egingo dute, edo akaso desagertu egingo da. Baina oraingo taldeak jarraitzen badu, ondo.

U.A.: Ez da ondo geratzeko, baina geure artean ere esan izan dugu, orkestra ezingo litzatekeela mantendu Patxi bezalakoengatik ez balitz. Egia da aldamenean asko laguntzen duen jendea duela, baina berari zor diogu hein batean orkestra mundua ezagutu izana. Eta horregatik ere jarraitzen dugu. Berak egiten duen lana inork ez balu bere gain hartuko, ezinezkoa litzateke orkestra mantentzea. Gazteok ere hortaz kontziente gara.

Etorkizunari begira, beraz, zein gogoeta egingo zenukete?

P.S.S.: Ni erretiratzekotan nago, eta esan dizudan moduan, atzetik datozenek proiektuari jarraipena ematea nahiko nuke.

A.A.: Nire ustez momentuz bide onetik goaz. Hala ere, ikusi beharko da atzetik jende gehiago sartzen den, orain gaudenak ez garelako betirako egongo. Berritzea garrantzitsua da.

Etorkizun hurbilari begiratuta, 10 urteak ospatzeko kontzertu berezia duzue gaur. Nola bizi izan duzue proiektua bera?

P.S.S.: Programa zaila osatu dugu, handiagoa. Gainera, orkestra sinfonikoarekin jotzea erronka bat da.

A.A.: Lan gehigarria izan da guretzat, bai taldearentzat, baina norbanakoentzat ere. Normalean jotzen ditugun kantuak baino zailagoak joko ditugu.

U.A.: Ez du zerikusirik orain arte egin dugunak gaur eskainiko dugunarekin. Urtarriletik larunbatero egin ditugu entseguak. Lehen entsegu orokorra egin genuenean sentitu nuen halako berezitasun bat, hazi egiten zara. Eta horrek motibatzeko balio du. Bestela, ez da erraza larunbatero bi edo lau orduko entseguak egitea. Zentzu horretan inplikazio asko egon da.

P.S.S.: Azken finean, horrelako kontzertu berezi bat egin nahi baduzu ez dago beste aukerarik. Landu egin behar da. Dena den, kontzertu honen ondoren, normaltasunera itzuliko gara.

Dena den, gustatuko litzaizueke horrelako kontzertu gehiago ematea?

U.A.: Bai, ahal den guztietan. Hala ere, nekagarria ere bada.

P.S.S.: Horrelakoek lan asko eskatzen dute, bai.

U.A.: Uste dut horrelako kontzertuak urtero eginez gero, erre egingo ginatekeela. Urtero bost hilabetez gogor entseguak egiten aritzea gehiegi izan daiteke. Oso gustura gaude egin dugunarekin, baina egia da nekatuta gaudela. Azken finean, beste bizitza bat daukagu hemendik kanpora. Uste dut urtero eginda ez genukeela oraingoan bezain beste gozatuko.

P.S.S.: XIV Orduko Mendi Martxarekin gertatzen da antzekoa. Urtero egiteko gehiegi da, eta hain zuzen, lau urtez behin egiteak ematen dio xarma. Horregatik uste dut horrelako kontzertuak egitekotan, oso noizbehinka egin behar direla.

Zer esango zeniekete herritarrei gaurko kontzertuari begira?

U.A.: Gerturatzeko. Badaukagu fidela den jendea: gertukoak, kaperakoak, ikasleak, lagunak... baina musika mota hau gustuko duen jendearentzat aukera ona dela uste dut. Kursaalean gauza asko daude, baina herrian ez hainbeste. Gainera entzungarria da kontzertua, ez da batere pisutsua.

A.A.: Tolosan urtero ez dago horrelako kontzertu bat entzuteko aukerarik. Gustuko baduzu, aukera polita da.

P.S.S.: Euskadiko Orkestra aspaldian ez da etorri. EIO Txiki aurten izan da eta polita izan zen. Baina hortik aurrera ez dago programazio handirik hemen inguruan. Horregatik da aukera ona.

Sanjoanak ere segituan datoz. Arimaz orkestrarekin ez, baina Santa Maria Kaperarekin joko duzue. Zein berezitasun du egun horrek zuentzat?

U.A.: Mezak obra aldetik mugatuak dira. Baina Eguberriko kontzertuak eta San Joan Egunekoak badute zerbait berezia. Ez bakarrik guretzat, baita jendearentzat ere. Beste harrera bat dute, nahiz eta estilo aldetik berdinak izan. Ez da gauza bera betiko 10 pertsonentzat jotzen ibiltzea, edo jende gehiagorentzat, eta gainera, txalo mordoa jasotzea jo ondoren. Erlijio kontuak alde batera utzita, motibagarria da hori musikarientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!