San Joanak 2016

Tolosa, zortziko egarriz

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 17a, 09:58

Udal ordezkariekin batera izan ziren, aurkezpenean, sanjoanetan ezinbesteko diren eragile eta parte hartzaileak. I. TERRADILLOS

Sanjoanak ekainaren 23an hasiko dira ofizialki, baina asteburua atari bikaina izango da festa kuttunentzat

Zumardiaundiko harrizko bankutik oroitzapen zaparrada errepasatu liteke, hainbat tolosarren memoriatan. Ekainaren 24ko festa adierazpen folklorikoen amaiera irudikatzen du bertan ospatzen den aurreskuak eta, tradizioak berritzen direnaren seinale, herriko erdigunetik harainoko bidea egiten dute hainbat tolosarrek, dantzari, musikari eta udalbatzarekin batera.

Astebete eskas geratzen da irudi hori errepikatzeko, baina Zumardiaundia talaia bilakatzen da, udako solstizioaren gosez direnei egitaraua iragartzerakoan. Horrela, asteburuan bertan sanjoanak izenik gabeko festak hasiko dira, Tolosan. Elkarteen topaketa, antzerkia, pintura, omenaldiak,.. Ez da ezer falta izango.

Lizar usaina darie

Ekainaren 24ko aurreko asteburukoa, ordea, tolosarren grina asetzeko gezur txiki baten modukoa izaten da, ekainaren 23an jartzen baita, dantzan, herritarren gorputza eta gogoa.

Aurten Tolosa CF izango da txupinazoa piztearen ardura izango duena, «marka guztiak hautsi baitituzte», Olatz Peon alkateak azaldu duenez.

Kuadrilla Egunean, berriz, zenbaki potoloak berriro protagonista izango dira, 1.500 pertsonaren topagune izango baita Euskal Herria plaza; gehiagorentzako lekurik ez dagoelako, noski.

Ezetz, eta kitto

Jaiek irribarrea eta gozamena iradokitzen duten arren, herriko festa guztiek arriskuak ere izaten dituzte, itzalean, eraso sexistak kasu.

Tolosako Berdintasun Sailak, horrela, Ez da...ez! kanpaina abiaraziko du aurtengo sanjoanetan, hiru lan ildo jorratuz. Batetik, Kuadrilla Eguneko bazkarian pultsera moreak banatuko dituzte leloarekin, kontzientzia pizte aldera. Era berean, Joka Sano pegatinak ere eskuragarri izango dituzte kuadrillek. Azkenik, panel informatiboetan eraso sexistak salatzeko telefonoa iragartzen duten kartelak itsatsiko dituzte.

Tradizioei eusteko modurik ederrena horiek berritu eta bizirik mantentzea omen da, eta aurtengo sanjoanak ere horren adibide izango dira, beste behin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!