Komunikatzea helburu

Ataria 2016ko ekainaren 16a

‘Tolosaldeko Ataria’-ko erredakzioak maiatza eta ekainean biharko komunikatzaileen bisita izan du: Samaniego ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako neska-mutilak. 

Ikasturte amaiera ukitzen eta usaintzen ari dira ikasleak. Oporretara joan aurretik berriz komunikazioaz hausnartzeko eta kazetaritza lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Tolosako Samaniego ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek.

Muinean, bisita hauen helburua bertakoa eta gertukoa den komunikabidea ikasle hauek ere gertu sentitzea da, kazetaritza lana zer eta nola egiten den ezagutuz. Komunikazioa erabat oinarrizkoa izanik, lanbide ere badela. Ikasleei gainera ikastetxean bertan landutakoa ere praktikan jartzeko aukera txikia eskaintzen zaie, Ataria irratiko Pasahitza magazinean zuzenean parte hartuz.

Ikasturte berrirantz

Honela, Tolosaldeko Ataria-k abian jarritako Ikasiz erakutsi 2015-16 egitasmoari amaiera eman zaio Samaniegoren partaidetzarekin. Hala ere, ikasturte berria asmo eta sukaldean dauden ideia berriekin ere etorriko da. Ataria-k, geroko komunikatzaileekin hasitako bideari eutsi eta elkarlan horretan sakontzea helburu baitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!