Orkestra sinfoniko bihurtuko da Arimaz, 10. urteurrena ospatzeko

Mikel Iraola 2016ko eka. 14a, 16:53

Ostiralean, 20:30ean. kontzertu berezia emango du Leidor Aretoan. Guztira 65 musikari izango dira oholtza gainean.

Musika Eskolako ikasle taldearen eta orkestra profesionalen artean zegoen hutsunea betetzeko sortu zen Arimaz Kamera Orkestra, orain dela 10 urte. Ordura arte, Santa Maria Elizako orkestrara bideratzen zituzten ikasle asko eta asko, hemen inguruan sokazko instrumentuekin jarraitzeko aukera bakarra hori baitzen. Pixkanaka lotura hori galtzen ari zela ikusirik, gauza berriak probatu eta ikasleak gehiago motibatzeko eratu zuten Arimaz orkestra.

“Tolosaldean, kantua gustuko dutenek, aukera ugari dituzte, abesbatzetatik hasita, orfeoietaraino. Haizezko instrumentuentzat, badira txarangak, bandak eta beste hainbat talde. Harizko instrumentua jotzen dutenek, ordea, ez dute taldean jotzeko aukerarik. Eta ikasitako horrek taldean jotzean hartzen du zentzua”, azaldu du Kepa Martinez de Albeniz, orkestrako zuzendariak.

Urte batzuk ikasten daramatzaten ikasleei hazten jarraitzeko aukera ematea da taldearen helburua. “Beti diot piramide batek altuera handia izateko, oinarri zabala behar duela. Bada, oinarri hori elikatzen laguntzen du orkestrak”, dio Marinez de Albenizek.

Hazteko bide horretan, 10 urtetan zehar, hainbat kontzertu berezi egin dituzte. 2014an, esaterako, organo kontzertu bat eskaini zuten Errenteriako taldearekin batera. Etorkizuneko beste proiektu baterako esperimentu gisa erabili zuten emanaldi hura, eta emaitza ona izan zela ikusirik, aurrera egitea erabaki zuten.

Lanketa handiko programa

Proiektu horren emaitza, ostiraleko kontzertu berezia izango da. Izan ere, 10 urteak orkestra sinfoniko bihurtuz ospatu nahi dituzte. Horretarako, Errenteria Musikal taldeko eta haizezko musikari talde baten laguntza izango du Arimaz orkestrak, eta ohiko zifra hirukoiztuko dute: 65 musikari izango dira oholtzan.

Abagune horretarako bereziki prestatutako egitaraua osatu dute. Sibeliusen Finlandia oberturarekin hasiko dira. “Shock efektu bat sortuko dio entzuleari, eta balioko du jendea konturatzeko zertara etorri den”, dio zuzendari tolosarrak. Segidan, Shuberten Bukatugabeko sinfonia eskainiko dute: “Sinfonia polita eta motza da”. Griegen Piano eta orkestra kontzertua-rekin amaituko dute.

Donostiako Kontserbatorioko irakasle den Myriam Telleria tolosarra arituko da bakarlari gisa. “Berezia izango da. 15 urterekin azterketak egin nituen pianoarekin joko dut. Orkestran, ikaskide, irakasle, lankide eta lagunak ditut”, azaldu du Telleriak.

Kontzerturako sarrerak Leidorreko lehiatilan eskuratu daitezke dagoeneko, 10 euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!