Hizkuntza ere, gazteen kezka

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 13a, 17:41

Goizean iragarri dute hitzordua, Euskararen Mahaiko ordezkariek.

Tolosako ikastetxeetako gazteek hizkuntza transmisioaren inguruan egindako gogoetak plazaratuko dituzte asteazkenean; Euskararen Mahaiak sustatu du egitasmoa.

Gazteak eta hizkuntza. Bikote horretatik irtengo dira, asteazkenean, kultur etxean onduko duten saiko ideia eta hausnarketa guztiak. Tolosako Euskararen mahaiak sustatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleek hizkuntzaren transmisioa aztergai izan dute, eta hilabeteetan barrena jorratutakoa plazaratuko dute, Hirukide, Laskorain eta Orixeko neska-mutilek, Kike Amonarrizen gidaritzapean. 19:00etan izango da hitzordua, kultur etxean.

Bideo, argazki eta graffitti tailerrak egin dituzte, ikasturte osoan barrena, eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, saio horien lehen fruituak erakutsi zituzten kalean: euskararen inguruko mezuekin graffittiak margotu zituzten semaforo kaxetan. Azken asteotan, ordea, ikus-entzunezkoei heldu diete gaztetxoek, eta euskararen inguruko adar bat aukeratu dute, horren inguruan hausnartu eta bospasei minutuko bideoa osatzeko.

Hirukide ikastetxeko gaztetxoek, esaterako, kultur aniztasuna izan dute abiapuntu, eta euren ikastetxeko jatorri desberdinetako 7-8 ikasle elkarrizketatuz osatu dute lana: «Hona iritsi zirenean euskara zer iruditu zitzaien, ikastea kosta ote zitzaien eta zein sentsazio izan zituzten eta dituzten kontatzen dute», azaldu dute Galtzaundi Euskara Taldeko kideek.

Laskorain ikastolako taldeak, berriz, hizkuntza transmisioaren gaia xehetu du, eta Argitxo pertsonaia baliatu dute istorioaren haria gidatzeko: euskara maitatu, zaindu eta, horrez gain, erabiltzeko grina areagotu dien panpina.

Azkenik, Tolosako hainbat mintzalagunekin elkartu dira Orixe institutuko gaztetxoak, hizkuntzaren galera bertatik bertara ezagutu ahal izateko; besteak beste, frankismo garaian euskarak jasandako zapalkuntza hizpide izan dute ikus-entzunezkoan, bizi izan zutenen ahotik.

Hausnarra, hausnartutakoari

Tolosako Euskararen Mahaia udalak, Galtzaundi Euskara Elkarteak, Aitzol Udal Euskaltegiak eta ikastetxeek osatzen dute, besteak beste. Horrela, hizkuntzaren inguruko lanketak hainbat bide eta modutan proposatzen dizkiete ikasleei.

Bideoen lanketa nerabeekin jorratu dutela jakinda, beren hausnarketen gainean bestelako hausnarketak entzutera ere bideratu nahi izan dituzte gaztetxoak, eta Kike Amonarriz izango da horren arduraduna.

Saioa aurkeztu eta dinamizatzearekin batera, adituak hizkuntzaren galeraz, hizkuntzaren transmisioaz eta kultur aniztasunak hizkuntzan duen eraginaz gorpuzturiko ideiak plazaratuko ditu saioan, solasaldi baten pizgarri gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!