Lau eztabaida mahai, etorkizuneko Tolosa marrazteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 13a, 11:23
Joan den astean alkateari aurkeztu zioten talde sustatzaileak egindakoa.

Urte hasieran udalak abiarazitako parte hartze prozesuaren lehen fasea amaituta, aste honetan sektorez sektore bilduko dira, gaurtik hasita; Tolosatzen izena hartu du proiektuak.

Gobernantza eredu "berri" bat proposatuz, Tolosako Udalak etorkizuneko Tolosa marrazteko ahots anitzak biltzeko asmoa iragarri zuen, urte hasieran. Besteak beste, proiektuak herritarren iritziak bilduz gauzatzeko korrontea egitasmo zehatzetara mugatu beharrean, "parte hartzea sistematizatu" egin nahi zutela nabarmendu zuten lehen aurkezpen hartan.

Horrela, prozesuaren lehen fasea burutu dute jada, eta talde sustatzaile batek lehen hausnarketa egin du bertan, hiru saiotan. Horrekin batera, egitasmo osoa identifikatzeko baliagarri izango den izena ere aukeratu dute: Tolosatzen.

Joan den ostegunean herritarrei eta Olatz Peon alkateari talde sustatzaileak adostutakoa aurkeztu zieten eta, alkatearen iritsiz, proiektua baliagarria izango da "datorren hamarkadako udal politiken noranzkoa gidatu eta herri gisa esku arten ditugun erronka estrategikoak zehazteko"; finean, udalean martxan diren proiektu guztien norabidea markatzeko tresnatzat du alkateak, Tolosatzen.

Eta, hain zuzen ere, tresnari berari eman nahi izan zion garrantzia Peonek, osteguneko hitzorduan: "Prozesu honen azken helburua ez da plana osatzea, baizik eta tresna bat sortzea, udal politikak herritar zein eragileekin batera adosteko, eta horiei jarraipen bat egin hala izateko". Bide horretan, erakundearen eta herritarren arteko elkarlana sortzea "aurrerapauso handia" da Olatz Peon alkatearen iritziz eta, bera, jada abiarazita dauden bideak ez ixteari ere garrantzia eman nahi izan zion: "Tolosarzen planetik kanpoko ekimenak ere Tolosatzen planeko irizpideen arabera gauzatuko direla bermatuko dugu".

Gaur, pertsonak hizpide

Talde sustatzaileak etorkizuneko lehen ideia, gogo edo asmoak bildu eta gero, gaur bertan helburu horiek poltsatan sartzen hasiko dira, dagozkien arlo eta markoetan egokiago jorratzeko. 19:00etan hasita, kultur etxeko Topagunean, pertsonak hizpide izango dituzte, hasteko. Honakoak izango dira saioko gai nagusiak: krisiak gizarte bazterketan eta diru laguntzen eskaeran izandako eragina; gazteek eta hirugarren adinekoek gizartean joka dezaketen papera; haurren aisialdirako aukerak nahikoa ote diren; azkenik, Tolosako herriak emakumeen egoeraz kontzientzia hartzeko moduak proposatuko dituzte.

Bihar, berriz, kulturaren eta hezkuntzaren mahai sektoriala bilduko da, leku eta ordu berean, herriko kultur eta kirol azpiegiturez, bultzatu beharreko kirol ereduaz, Tolosako kultur eskaintzaz eta kultur eragileen arteko harremanaz, nahiz euskararen erabilera sustatzeko erronkez hausnartzeko.

Ingurumena eta lurralde antolaketa intereseko gai dituztenek, asteazkenean izango dute beren iritzia emateko aukera. Klima aldaketaren aurrean Tolosak egin dezakeena eztabaidatuko dute, eta baita Tolosako ingurune naturala babesteko zein neurri hartu beharko liratekeen ere. Bide horretan, herritarrek Oria ibaiarekin duten harremana zein norabidetan garatu daitekeen aztergai izango da bilkuran, eta baita Tolosako hiri-eremua norantz garatu behar den ere.

Azken mahai sektoriala ekonomiaren ingurukoa izango da, eta hiru galdera proposatuko dizkiete bertaratuei: Zein izango da Tolosako ekonomia bultzatuko duen elementu traktorea?; Nolakoak izango dira lan-merkatuan beharko diren profilak?; Nola sustatu Tolosak duen erakargarritasun turistikoa?.

Tolosatzen proiektuko gaikako bilerekin batera, Trianguloa palzak karpa bat hartuko du aste honetan, eta kalean dabiltzan herritarren beren iritzia eman ahal izango dute gai horien inguruan, formularioak betez. Halaber, www.tolosa.eus atarian ere izango da norbere ikuspegia azaltzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!