Tailer parte hartzailea Lurralde Antolamenduaren Gidalerroa berrikusteko

Ataria 2016ko eka. 13a, 10:27

Tolosako eremu funtzionaleko tailerra, ekainaren 27an egingo da, 18:00etan Tolosako kultur etxeko Topagunean. Lurraldeari buruz eta gai garrantzitsuei buruz eztabaidatzeko aukera izango da: paisaia, azpiegiturak, hiri-eremua, landa-eremua, ura, energia...

1997az geroztik, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen bitartez, "Euskadik ordena orekatua sustatu du hiri-eremuaren eta landa-eremuaren, jarduera ekonomikoen, azpiegituren edota naturaguneen artean". Horrela dio, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa eta Ingurumen sailak. "Euskadi, Estatuarekin alderatuta, lurralderik orekatuenetakoa izatea lortu dugu; biztanle-dentsitate altua izan arren,b ere azaleraren laurden bat babestua dago bere ingurumen balioagatik eta, aldi berean, etxebizitza hutsen proportzio txikiena du".

Orain, Eusko Jaurlaritzan, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko prozesua jarri dute martxan eta abiapuntu gisa gai hauek proposatu dituzte: paisaia, medio fisiko eta azpiegitura berdea, landa-eremua, hiri-eremua, mugikortasun jasangarria, ura, energia eta gobernantza. "Gure esku dago 20 urte barru izan nahiko genukeen lurraldea irudikatzea", aipatu du Eusko Jaurlaritzak.

Berraztertze lana burutzeko gizarte osoaren parte hartzea bultzatu nahi du gobernuak eta horretarako hainbat bide zabaldu ditu.

-16 tailer parte hartzaile egingo dira eta Tolosako eremu funtzionalari dagokiona, ekainaren 27an, 18.00etan egingo da Tolosako kultur etxeko Topagunean.

-Tailer presentzialetara bertaratu ezin daitezkeenak Irekia webgunean parte hartu ahal izango dute. Gunean argitaratu da LAGak berrikusteko oinarrizko dokumentua, testuari ekarpenak egiteko. Gainera, gai bakoitzean hasitako eztabaidetan eta inkestetan online parte hartzeko aukera dago.

-Sare sozialetan parte hartu ahal izango da, twitterren, #DOT_Euskadi traola eta Facebooken Lurraldea profilean.

LAGak berrikusteko prozesuak hiru urte inguru iraungo ditu eta aurrerapen guztiak webgunean eguneratuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!