Ziarik ez elkartasunari

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 10a, 19:43
Zerkausi azpiko txokoan egin dute agerraldia.

Tolosako elkarteek topaketa egingo dute, hirugarrenez, elkartasun helburuz; estropadaz gain, herri kirolen saioa izango da aurtengo berrikuntza.

Oria ibaiari antzina ateratako argazki hura berreskuratzeko ahalegin batetik, ahaztu ezinezko festa bilakatu zen 2014ko lehen elkartasun estropada. Tolosako 18 elkartek bat egin zuten orduan, eta Stop Sanfilippo elkartera bideratu zituzten jaiak emandako irabazi ekonomiko guztiak. Arrakastaren olatuari eutsi eta gozamenaz elkartasuna banatzen jarraitzeko, iaz Afesta elkartea izan zen onuraduna. Argi dago tolosarrek ziarik ez diotela elkartasunari egin nahi eta, boga-boga, sanjoanen atariko festa egunek hartuko dute elkarteen arteko hirugarren estropada, Pausokaren alde. Ekainaren 18an egin dute hitzordua, eta topaketak berrikuntza tentagarriak izango ditu: goizean uretan jokatutakoak herri kirol eta mahaiko jokoekin izango du segida, arratsaldean.

Funtzionatzeko erak partekatzeko gune bat sortu nahi izan zuten herriko elkarteek eta, bide horretan, elkarren arteko babesa bilatu ere bai; hori guztia, noski, ondo pasatzeko egun seinalatu bat aukeratuta. Ekainaren 18ko jaiaren aurkezpenean azaldu dutenek, hiru helburuak bete dituzte jada, eta horrek eman die jarraitzeko gogoa: "Elkarte bakoitzak nahi bezala parte hartu izan du orain arteko topaketetan, eta batzuk jakiak prestatuz edo erakundeekin harreman sareak sortuz aritu diren bitartean, beste batzuk ideia berriak eta Oria ertzeko entrenamenduak oparitu dizkiote egitasmoari", azaldu du Irati Hartsuaga Lizardiko kideak.

Aniztasun hori behar bezala antolatuta, beraz, egun betea prestatu dute datorren larunbaterako, eta zazpi batelaren arteko lehia osatuko dute, hamabi elkarteren arteko herri kirolek eta mahai jokoek. Elkarteetako bazkideek ondutako festa izanagatik, tolosarrek beren aletxoa jartzeko aukera izango dute elkartasun uholde horretan, herri bazkaria izango baita Zerkausian: "150 pertsona inguru elkartuko gara, eta Pausoka elkartera bideratuko ditugu irabaziak".

Errehabilitazioa, ezinbesteko

Sanfilippo gaitza nahiz Tourette sindromea izen ezezagunak izan zitezkeen, akaso, tolosar askorentzat, elkartasun topaketagatik ez balitz. Haiei lagundu eta errealitate horiek kontzientzia piztearekin batera, bada, Tolosako elkarteek Pausoka elkarteari luzatu diote, aurten, eskua.

Behar bereziak dituzten haurren gurasoak biltzen dira Pausokan, eta duela lau urte hasi zuten beren ibilbidea, ordezkariak azaldu duenez: "Gure behar nagusia gure seme-alaben errehabilitazioa da, eta hainbat patologia dituzten haurrak jasotzen ditugu elkartean, betiere errehabilitazioa behar badute".

Hamabi familiak etxez etxe abiarazitako jardunari, Hernaniko Udalak utzitako lokal batek eman zion aterpe, eta orduz geroztik errehabilitazio bide horiek indartzea da Pausoka elkartearen lanik behinena: "Fisioterapia, terapia okupazionala eta logopedia lantzen ditugu, eta orain psikologiarekin ere hasiko gara". Izan ere, Pausoka sortu zuteneko familia kopurua biderkatu egin da, eta gaur egun Gipuzkoa osoko 80 neska-mutilen beharrei erantzuten diete: "Profesionalei ordaindu egin behar izaten zaie, eta Pausokako familiek ahalik eta portzentaje baxuena ordaintzea izaten da gure nahia. Horregatik, Tolosakoa bezalako egitasmoak bihotz-bihotzez eskertzen ditugu".

Zazpi elkarte eta zazpi txanda

Bi batelaren arteko lehia izango da estropadako txanda bakoitzean, eta talde bakoitzak bi txanda jokatuko ditu. Horrela, kaleen arteko desberdintasunik ez da izango, eta arraunlari guztiek proba egin beharko dute, bai Zumardi aldean, bai Zumalakarregi aldean. Azkenik, bi saioetako denborak batu eta markarik onenak dituzten bi batelek jokatuko dute finala.

 

1.kalea

2.kalea

1. txanda

Oargi

Aiz-orratz

2. txanda

San Esteban / Urdina txiki

Lizardi (mutilak)

3. txanda

Lizardi (neskak)

Txinparta

4. txanda

Batasuna

Oargi

5. txanda

Aiz-orratz

San Esteban / Urdina txiki

6. txanda

Lizardi (mutilak)

Lizardi (neskak)

7. txanda

Txinparta

Batasuna

 

Herri kiroletan, berriz, jada aipatutako elkarteez gain, Gure Kaiola, Iurre, Arsenal eta Casino elkarteak ere ariko dira.

EGITARAUA:
Ekainak 18, larunbata

11:00. Batelak Oria ibaian, eta mahai jokoak (musa eta xakea) Zerkausiko bigarren solairuan, speaker-ak girotuta. Leku berean, pintxoak eta edariak ere izango dira.

14:30. Herri bazkaria Zerkausian.

17:00. Herri kirolak Tolosako Plaza Berrian: sokatira, lokotx biltzea, toka, zaku lasterketa eta txingak. (eguraldi txarra egingo balu, Euskal Herria plazako arkupeetan egingo lituzkete jolasak).

17:00. Jainekin txarangarekin kalejira, herri kirolak girotuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!