Iurre: bizileku eta jolasleku

Mikel Iraola 2016ko eka. 12a, 21:00

Txilar askoko eremua omen zen aitzina batean egun Iurre auzoa dagoen lursaila. Hain zuzen ere, Iurre izenez ere ezagutzen zen landare hori, eta toponimo horrek eman zion izena 1991. urtean eraiki zen auzoari.

Etxebizitzak eraiki aurretik, lore eta landareen lekua garrangak edo amuak egiten zituen Mustad enpresa norvegiarrak hartu zuen. Ibai ertzean zegoen fabrika, Berazubi estadioaren ondoan. Inguruan tailer mekaniko bat eta ikatz biltegi bat ere bazeuden. Fabrika eta Araba Etorbidea gaur egungoaren gisako zubi batek batzen zituen 1906. urtetik, 83ko uholdeek suntsitu zuten arte.

Iurremendi inguratzen duen eta La vuelta de la O gisa ezagutzen den errepidera arteko gainontzeko lursaila, berriz, fruta zuhaitzez josita zegoela gogoratzen dute auzoko beteranoenek: sagastiak, udareak...

Lursaila inguratzen zuen hesia kendu, fabrika bota, eta «luxuzko» auzo bat sortzeari ekin zioten 90eko hamarkadaren hasieran. «Luxuzkoa eta material modernoenekin egindakoa bailitzan saldu zuten auzo berria», dakar gogora Xabier Telleria bizilagunak.



Auzo gaztea

Duela 25 urte ez zegoen etxe huts askorik Tolosan, eta ondorioz, emantzipatutako gazte askok inguruko herrietara joan behar izan zuen. Lehen bizileku izan ziren Anoeta, Ibarra edota Irura. Iurre auzoaren sorrerak, ordea, bidea ireki zien gazte horietako askori herrira itzultzeko.

Jose Migel Garaialde eta emaztearen kasua da adibideetako bat: «Bizilagun gehienok 30-35 urte inguru genituen, ezkonberriak ginen asko. Iurreko etxeak erosi ahal izateko, beste etxeak saldu behar izan genituen, finantziazioa lortze aldera, dirua aurreratu behar zelako. Amaginarrebaren etxean bizitzen jarri ginen lehen etxe hura saldu eta Iurren bizitzen jarri ginen arte». Telleriak ere antzeko egoera bizi izan zuen. «Orain gazteentzat gauzak zail xamar daudela diote, baina orduan ere...», dio.

1991ko uztaila zen. Etxeren batean sartzeko beharrak presaz jokatzera bultzatu zituen bizilagun horietako batzuk. «Bizigarritasun agiririk gabe jarri ginen bizitzen batzuk. Ez genuen ez gasik, ez urik ez eta elektrizitaterik ere», oroitzen du Garaialdek. Baimen horiek banan-banan eskuratzen joan behar izan zuten bizilagunek, nork bere aldetik.

Eztabaidatik elkarbizitzara

Auzoaren izaera markatuko zuten zenbait eztabaida ere izan ziren lehen urteetan. Bata, kiroldegiari zegokiona. Izan ere, Paper Kalean kokatuta zegoen kiroldegi zaharra, eta berria Usabalen egin aurretik, Tolosa CF-k eta beste hainbat herritarrek Berazubi estadioaren alboan egitea planteatu zuten, Iurreko bizilagunen haserrerako.

Askok ez zuten kirol instalakuntza handirik nahi etxe alboan, auzoko «lasaitasuna» puskatu eta berdeguneak kenduko lituzkeelakoan. Erreferendum bat ere egin zela gogoratzen du Garaialdek. «Usabalgo kiroldegiaren dimentsioak eta izan duen eragina ikusita, argi geratu da ez zela posible gauza bera Iurren egitea» dio Telleriak.

Bigarren eztabaida handia Eroskiren supermerkatu baten irekierak eragin zuen, etxebizitzak eraiki eta urtebetera. Aparkatzeko arazoak sortuko zituelakoan, bizilagun batzuk haserre ziren. Gerora, ordea, gauzak asko aldatu ziren, eta auzoaren parte bihurtu zen supermerkatua. Orain Eroski etxe ondoan izatea «luxu bat» dela uste du Xabier Balerdik.



Sormenari bidea zabalduz

Auzo gaztea izaki, haurrak ezin falta! Iurre «ume askoko auzoa» izan dela dio Balerdik, eta hain zuzen, indarguneetako bat horixe bera izan dela nabarmentzen du: «Jolaserako oso gune aproposa izan da».

Baina arraroa bada ere, sekula ez da parkerik izan auzoan, nahiz eta aspaldian eskakizun ugari egin zituzten bizilagunek. Akaso, horregatik, sormenari bide eman zioten haurrek.

Aitor Olazabalek, adibidez, ongi gogoan ditu ume garaiko jolasak. Futbolean, saskibaloian, brilletean nahiz bizikleta gainean ordu mordoa pasatakoa da bera, auzoko gainontzeko neska-mutilekin batera.

«Futbolean pasatzen genituen ordu gehienak. Jende gutxi bageunden bankuetara jokatzen genuen, eta asko baginen, plaza guztia hartzen genuen. Zenbatetan puskatuko ote ziren banku txuri haiek!». Saskibaloian jokatzeko, berriz, saskien faltan, etxeetako zimenduak erabiltzen zituzten. Eta baloia puztu behar bazen... «zenbatetan joango ote ginen Josetxo Sport kirol dendara!», dio nostalgiaz.

Uztaila iristearekin batera, bizikleta izaten zen protagonista: San Ferminetan entzierroak egiten zituzten edota Frantziako Tourraren garaian auzoan zehar itzuliak antolatzen ziren. «Bizitu egiten genituen, benetako txapelketak izaten ziren», dio gazteak.

Hainbeste orduz jolasten ibili izanari esker, gaur egun auzoko gazte askorekin «harreman estua» duela goraipatzen du Olazabalek: «Elkar ezagutzen dugu gehienok, harremana dugu. Afari eta parrandaren bat ere egindakoak gara. Hori da politena, urteak pasa ahala ikustea txikitan genuen giro on hori mantendu egin dela», dio.

Baina 25 urte pasa dira eta, auzoa zahartzen ere hasia da. «Belaunaldi aldaketa pixkanaka ari da gertatzen, familia berriak daude, baina egia da mugimendu gutxiago dagoela auzoan», diote mahaiaren bueltan daudenek. «Ez da duela 25 urte adina jolasten auzoan», dio jarraian beste batek.

Behar berriak auzoan

Adinean gora egin ahala, auzoak berak ere behar berriak dituela agerian geratu da auzotar horien ustez. Bi esparru nabarmendu dituzte nagusiki: trafikoa eta irisgarritasuna.

Arazo nagusiena trafikoan dagoela uste dute bizilagunek. Ibilgailu saturazioa, oinezkoen ibilbideak edota aparkaleku falta aipatu dituzte, eta hain zuzen, horien irtenbidea aztertzeko talde bat eratuko dutela jakinarazi dute: «Azterketa bat egingo dugu. Taldea zabalik dago parte hartu nahi duenarentzat. Garaje sarrera-irteeretako arazoak edo trafikoaren norabidea aztertuko ditugu», azaldu du Telleriak.

Irisgarritasunari dagokionez, berriz, hainbat puntu beltz identifikatu dituzte: oinezko zubia eta SAM zubiaren arteko espaloia, oinezko zubiaren sarrera edota auzoren erdigunera oinez iristeko sarrerak dira aipatu dituzten adibideetako batzuk.

Horrelako kezka eta proposamenak bideratzeko bitartekaritza falta dagoela ere jabetu dira. «Auzoan ez dago talde edo elkarte antolaturik auzoko beharrak bideratzeko. Zenbait gaien inguruan koordinatuta egoteko auzoko beste etxeetakoekin harremana izan beharko genuke», proposatzen du Telleriak. Horretarako leku fisiko baten beharra ere nabarmendu du: «Iurre Elkartea laguntza handikoa da, baina horrek bere mugak ere baditu, besteak beste, bazkide bat behar izaten delako. Bilerak egin ahal izateko lekurik ez daukagu».

25. urteurrenaren festa auzotarren elkarte bat sortzeko lehen pausua izan ote daitekeenaren inguruan galdetuta, iritzi bateratua dute guztiek: «Hasiera batean festan bakarrik pentsatu nahi izan dugu. Egun polita pasa nahi dugu, eta ez dugu etorkizunerako beste helbururik jarri. Horrelakorik etorriko bada, etorriko da, eta behar den momentuan eseriko gara gaiaz hitz egiteko». Lehenengo ekainaren 18a. Gero gerokoak.

...eta 25 urteren ostean, jaileku

«Zenbatetan esan izan ote dugun Iurren festaren bat antolatu behar genuela!». Iurreko hainbat auzokidek elkarri esandakoak dira. Bada, inoiz ez da berandu, eta 25 urteren ondoren, festa giroa izango da nagusi auzoan, egun batez bada ere. Hurrengo larunbata, ekainaren 18a, aukeratu dute horretarako.

[Irakurri festaren inguruko albistea hemen]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!