Haurren begirada, herrigintzarako ezinbesteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 9a, 16:30

Bigarren ikasturtez jarraian, Haurren Hiria proiektua martxan izan da Tolosan; aisiaren inguruan hausnartu dute, aurten, gaztetxoek.

Eraikinek, kaleek nahiz berdeguneek egiten dituzte hiriak. Espazio batetik bestera joateko gune soil bezala ikus daitezke, edo autoa aparkatuta uzteko leku moduan. Baina, egiazki, hiriak bizitzeko tokiak dira, espaloi, banku eta petrilak nortasunez betetzekoak.

Mapamundian egokitutako txokoaren arabera, hirien itxura eta paisaia aldatu egiten dira, baina badira hiri guzti-guztietan errepikatzen diren gauzak ere: «Hiriak, oro har, erdi-mailako gizon zuri eta heterosexualen neurrira eraikiak izan dira». Francesco Tonucci pentsalari, psikopedagogo eta marrazkilariaren esanak dira horiek, Haurren Hiria liburuko orrietan barrena. Italiarrak asko hausnartu izan du haurrek eta gaztetxoek ekosistema urbanoetan duten paperaz eta, egiari zor, helduek haurrak bigarren mailako hiritar gisa ikusten dituztela dio.

Baina, hainbesteko eragina al du hiriak eraikitzeko moduak, hiritarren bizitzetan? Bada, bai, antolaketa horrek egunerokoa kudeatzeko moduak aldatzen baititu, ohitura, sentimendu nahiz hizkuntzari ere eraginez. Horrela, ikastetxeetako patioetan gertatzen dena herriko kaleetan errepikatu egiten da, Nerea Cereceda Tolosako gazteria teknikariaren ustez: «Patioetan mutilek eremu zentral eta nagusiak hartu ohi dituzten bezala nesken gehiengoari bazterreko guneak utziz, hirietako kale eta ordutegiak helduen neurrira diseinatuta daude. Helduok gure ordutegiak eta espazioak inposatzen dizkiegu haurrei, beren nahiak eta beharrak aintzat hartu gabe», dio.

Eta, bide horretan, gizarteak errealitate hori «naturaltasunez» ikusten du: «Haurrak izaki txiki eta ahul moduan ikusten ditugu helduok sarri, etorkizuneko proiektu moduan. Ez dugu ikusten, ordea, haurrak jabetu egiten direla, eta gutxietsita sentitzen direla».

IDEIA GAZTEENAK ERE PLAZARA

Tonucciren ideien sokari helduz, eta haurrak ere lehen mailako hiritar izan daitezen, Tolosako Udala Haurren Hiria izeneko egitasmoarekin lanean hasi zen 2014-2015 ikasturtean.

Haurren Hiria ez al zen, ordea, liburu bat? Bai, hori ere bai. Argitalpenaren izena bera hartu, eta Tolosako neska-mutilek beren ikuskera eta iritziak plazaratzeko gune bat sortzea da, ordea, proiektuaren helburua. Horretarako, Haurren Kontseilua osatzea izan zen arduradunen lehen egitekoa: haurrak ahalduntzeko pauso bat.

Haurren Hiria egitasmoa ikastetxeen proiektu kurrikularretik kanpoko zerbait da, baina eskola orduetan txertatu zuten herriko hiru ikastexeek. Horrela, Haurren Kotseilua, zentzurik zabalenean, ahalik eta parekideena izateko zenbait irizpide ere zehaztu zituzten. 8 eta 12 urteko neska-mutilek parte hartzen dute bertan, eta parekidea, integratzailea eta parte hartzailea behar du izan. Haur helduenek kontseilua uzten dutenean, gaztetxo berriak sartzen dira; modu horretan, gaztetxo bakoitza bi ikasturtez aritzen da.

Lehen ikasturtean espazio publikoaren erabilera jorratu zuten bezala, aurten aisiaren inguruan aritu dira eta, besteak beste, urtaroen arabera antolatutako haurrentzako jarduera-agenda bat proposatu dute neska-mutil tolosarrek. Lan horren fruituetako bat, San Joan su txikia izango da, kasu. «Oso gauza sinpleak eskatzen dituzte, beren aisialdirako. Askotan errepikatu digute, esaterako, berdeguneak abentura jolasekin probestu nahi dituztela, eta udala lanean ari da, jada, bide horretan», dio Cerecedak.

BESTEENTZAKO EREDU

Haurren Hiria Tolosako Udaleko sail guztietara iritsi ahal izateko, zeharkako gai bilakatu da erakundean. Horrela, udal sail guztiak koordinatzeko lankidetza mahaiak gertutik jarraitzen ditu gaztetxoen iritziak, beren jardunerako. Eta, bereziki, kale hezitzaileak, Gazteria Saila, Kirola eta Osasuna, Hirigintza eta Parte hartze saila aritzen dira zuzenki proiektuan. Baina, udaletik kanpoko eragileek ere badute hitzik proiektu honetan eta, beraz, herri mailako lantalde bat ere bada, haur eta gaztetxoek esandakoa entzun, eta haiek beharrezko dutenean laguntzeko: «Haurren kontseilua kudeatzea da talde horien egitekoa eta, beharrezkoa denean, aberastea ere bai», dio Cerecedak.

Euskal Herrian gutxi dira haurren betaurrekoetatik hiriari begira jarri diren txokoak. Leioan (Bizkaia) aitzindari izan ziren horretan, eta 2001ean ekin zioten Tonucciren gomendioak jarraitzeari. Horrela, Tolosa da ildo horri heldu dion udalerri gipuzkoar bakarra, eta Arrasate ere jauzia ematekotan dela azaldu du Nerea Cerecedak.

Interesa duten herriei Tolosako esperientzia ezagutarazten ari dira eta, halaber, Haurren Hirien Sarea osatzeko lehen pausoak ere eman dituzte, herrigintza egiteko korronte horretara, pixkana, udalerri gehiago batuko direlakoan, haurrak ere lehen mailako herritar bilakatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!