Legebiltzarrean osasun zerbitzuaz aritu da Peon

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ekainaren 8a

Osasun batzordean parte hartu du Tolosako alkateak, eta EH Bilduk osasun mahaia eratzeko legez besteko proposamena aurkeztu du kameran.

Badira jada, bi aste inguru, Tolosaldeko hiru alkatek Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean agerraldia egin zutenez geroztik; Invizak Osasun Sailarekin azken bost urteotan izan duen hitzarmena baloratu eta osasun mahaia eskatu zuten bertan. Bada, joan den astelehenean, ekainaren 6an, Olatz Peon Tolosako alkateak esku hartzea izan zuen batzorde berean.
Besteak beste, Tolosaldeko herritarrek jasotzen duten osasun zerbitzuaren inguruko azalpenak eskaini zituen alkateak, legebiltzarreko alderdietako ordezkariekin batera. Tolosako Udalak ez du bestelako azalpenik eman nahi izan.
Bere aldetik, Euskal Herria Bilduk beren ordezkari Rebeka Uberak batzordean aldarrikaturikoak iragarri ditu. Besteak beste, eskualdeko alkateek beren hitzorduan egin bezala, Tolosaldeko Osasun Mahaia eratzea eskatu zuen: «Interlokuzioak zabaltzeko, arazoak detektatzeko nahiz neurriak hartzeko foro jakin bat sortzea beharrezkotzat jotzen dugu, elkarrizketa gune moduan eta, betiere, arreta hobetzeko izaerarekin».
Bide horretan, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du legebiltzarrean eta, modu horretan, talde politikoek erabakiko dute, Osasun Sailari eskualderako Osasun Mahai bat eskatu ala ez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!