Uzturreko buelta, nork azkarren?

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 8a, 12:48
Larramendi plazatik abiatu beharko dute Uzturrera.

Larramendi auzo elkarteak lehenengoz antolatu du Udaberriko Uzturrera igoera; lasterketarekin batera, festa izango dute auzoan, larunbatean.

Badira jada, hiru urte, Larramendi auzo elkartea martxan jarri zutenez geroztik. Besteak beste, auzoko jaiak urtez urte indartu dituzte bizilagunek, eta San Joan bezperako akelarrea ere bigarrenez ospatuko dute egun gutxi barru.

Udako solstizioari ongi etorria egin aurretik, ordea, auzoa babesten duen mendiari begira jarriko dira Larramenditarrak, ekainaren 11n, Uzturreren bueltan kirola eta festa uztartuz. Bi modu proposatu dizkiete, tolosarrei, Uzturrez gozatzeko: lasterketa edo mendi martxa. Guztiek ere, 9 kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute, lasaiago edo azkarxeago. 

Lasterketan parte hartzeko doako izen-ematea 10:00etan zabalduko dute, eta tontorreko gurutzea ukitu eta Larramendiko plazaraino ahalik eta azkarren iritsi beharko dute parte hartzaileek. Kirol probak dirauen bitartean, gainera, mendi buelta egitera joaten direnek trikitia eta pintxoak izango dituzte Uzturreko zelaietan, korrikalariei animoak ematen dizkieten bitartean.

Mendian bezala kalean ere, larunbat goizak izango du hitzordurik auzoko plazan, trikitia eta pintxoekin batera, Trialsin erakustaldia eskainiko baitute, Irene Caminosek eta Gorka Susperregik. Azkenik, bazkal aurreko zozketarekin biribilduko dute lehen Uzturrera igoera.

Errepikatzeko gogoz

Asier Izagirre Larramendi auzo elkarteko lehendakariak azaldu duenez, gaur egun 70 bizilagun inguru aritzen dira auzo elkarteko jardunean laguntzen. Festez gain beste zerbait ere antolatu nahi zutela-eta, kirolak harrera bikaina izan zezakeela pentsatu zuten: "Lehen aldiz antolatu dugu igoera, eta ikusiko dugu zer moduz ateratzen den, baina errepikatzeko asmoa dugu, hurrengo urtera begira ere".

Probaren inguruan informazioa eskuratzeko, larramendiauzoelkartea@gmail.com helbidera idazteko aukera izango da.

EGITARAUA

10:00. Uzturrera Mendi Martxa
11:00. Uzturrera Lasterketa
12:00. Sari banaketa
11:00-12:00. Erromeria eta pintxoak Uzturreko zelaietan
11:00-13:00. TRIALSIN erakustaldia Larramendi plazan
10:00-14:00. Trikitilariak, pintxoak eta edaria Larramendi plazan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!