Ikasturte osoko lana erakusteko ordua

Mikel Iraola 2016ko eka. 6a, 18:20

Tolosako TIC TAC antzerki tailerreko taldeak 'Asto baten itzalagatiko prozesua' antzezlana estreinatuko du ostiralean, 20:30ean Leidorren. 

Tolosa izeneko Grezia Zaharreko herrixka batean, bere biztanleen bizitza ohoiko moduan doa, egun batean alokairu bati buruzko eztabaida batek, herri guztiarentzat espero gabeko ondorioak ekarriko dizkion epaiketa batean amaitzen duen arte. 

Horrela dio 'Asto baten itzalagatiko prozesua' antzezlanaren sinopsiak. Baina eztabaidan baino gehiago, TIC TAC antzerki taldeak algaraka jarri nahi ditu ostiralean Leidor Aretora gerturatzen diren ikusleak. Ikasturte osoan Elena Aranbarriren laguntzaz landu dutena erakustsiko dute taldea osatzen duten 16 herritarrek

Aurten, gainera, obra oso bat eskainiko dute, azken hiru urteotan, halabeharrez, pieza txikiez osaturiko antzezlanak landu eta gero: Friedrich Dürrematt suitzarrak idatzi eta Alfredo Senak egokitutako Asto baten itzalagatiko prozesua. "Aurreko urteetan taldekide asko zeuden. Hori ona zen, alde batetik. Baina behartzen gintuen pieza txikiak antzeztu behar izatea. Aurten gutxiago dira eta horri esker obra oso bat egiteko moduan gaude, eta egia esan, hori egiteko gogoz geunden", dio Aranbarrik. 

Antzerki-komedia generoko antzezlana da, eta publikoak "gozatu" egingo duelakoan dago Aranbarri, "Tolosarekin eta tolosarrekin etengabeko lotura bitxiak egiten dituelako". 

Partaideak, gogotsu

Karmen Jimenez: "Bederatzi edo hamar urte daramatzat taldean. Aurten berriro ere obra oso bat antzeztea pozgarria izan da guretzat. Baina onena taldekideok lortu dugun batasuna izan dela uste dut. Asko lan egin dugu, baina gozatu ere bai". 

Asier Leon: "Adin ezberdintasun handia dugu geure artean, baina taldekideon artean harremanak sendotzeko adina ez da traba izan". 

Txaio Limousin: "Oso pozik egon gara. Gure zuzendari Elena ere bikaina da. Pazientzia izugarria izan du". 

Ana Oiarzabal: "Nire lehen esperientzia izan da antzerkian. Orain arte ezin izan dut parte hartu, baina oso gustura aritu naiz, interesgarria izan da. Uste dut antzezlana gustuko izan dutela tolosarrek". 

Maria Ganzarain: "Niretzat ere lehen esperientzia izan da aurten. Asko gustatu zait, baita antzezlana ere". 

Nieves Peña: "Nik urte batzuk badaramatzat, eta nabarmendu nahiko nuke helduok jolasten jarraitzeko aukera dugula antzerkiaren bitartez. Asko dibertitzen gara". 

Geronimo Otegi: "Nik 12 urte daramatzat. Adinean gora joan ahala, antzerkiaz berdin disfrutatzen jarraitzen dut. Horregatik, gainerako herritarrak antzerkia egitera animatzen ditut". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!