Olano Martxak orain arteko parte hartze altuena izan du

Asier Imaz 2016ko eka. 6a, 15:52

Asteburu borobila izan da Aitor Aiertza eta Oriako Txirrindulari Eskolako kideentzat. Larunbatean, 200 kilometrotik gorako III. Etxeondo-Abraham Olano Zikloturista Martxa antolatu zuten, eta igandean, Anoetan junior mailako txirrindulari lasterketa.

Aitor Aiertza, Oriako Txirrindulari Eskolako kidea:

Balantzeak egiten hasita, oso gustura agertu da Aiertza. «Larunbateko martxaren ondoren jaso genituen iritziak oso positiboak izan ziren. Hala eta guztiz ere jauzi bat egon dela esan beharra dago». Iaz 300 parte hartzaile izan ziren martxan, eta aurten, 500. «Parte hartze handiagoa, azpiegitura gehiago dauzkagu,... lanerako jende gehiago behar dela uste dugu, eta hurrengorako behar hori agertu da», zioen Oriako Txirrindulari Eskolako kideak.

Proba baino bi aste lehenago itxi zuten izen emateko aukera, gainezka egin baitzuten. Hurrengo urtean kopuru hori handitzeko aukera aztertuko dute,  beti ere «neurrian». Partaidetzan izandako arrakasta horrek, eskualdeko txirrindulariengan aurkako eragina izan du Aiertzaren ustez: «Bertakoak azken unera arte itsaroten du, eguraldiaren arabera izena eman edo ez emateko. Aurten, ordea, bi aste lehenago zerrenda itxi beharrean izan ginen, 500era iritsita. Inguruko txirrindulari asko kanpoan geratu dira, beraz. Azken bi aste hauetan ezezko piloa eman behar izan dugu. Bestela, 600era iritsiko ginen». Martxa larunbat goizean hasi zen, Perico Delgadok eta Txomin Perurenak irteera eman zutenean. Parte hartzaileen artean txirrindulari ohi ugari zeuden: Marino Lejarreta, Iñigo Cuesta, Patxi Villa, Roberto Laiseka... «eta guztiek ibilbide motza egin zuten, 92 kilometrokoa», zioen Aiertzak.

Horien iritzia ere oso positiboa izan zela dio Oriakoko kideak. «Guretzat horrelako izenak etortzea oso pozgarria da. Aurten, babesle berria ere izan dugu, Etxeondo, eta berak ere atzerritik hainbat parte hartzaile ekarri ditu». Balantze ofiziala egin aurretik, Aitor Aiertza oso pozik zegoen, aurrera begira lanean jarraitzeko gogoz; «nahiz eta egunean bertan izaten diren arazotxoak eta aserrealdiak, dena bukatuta jaso dugunarekin oso pozik gaude. Ez da inongo ezbeharrik edo eroriko larririk izan, gainera. Asteburu benetan borobila atera zaigu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!