Kalera atera da berriro, Bisiguaren festa

Ataria 2016ko ekainaren 4a

Zortzigarren aldia da Txinparta elkarteak festa antolatzen duela eta Tolosa CFko eskubaloiko senior taldea eta futboleko neska eta mutilen taldeak omendu dituzte, mailaz igotzea lortu dutelako. Haiek moztu dute zinta.

Aurtengo edizioan, "indarberrituta eta ilusio berriarekin" datozela esan dute Txinparta elkartekoek, "azken hiru urteetan elkarteetan egin ondoren, berriz Zerkausira aterako dugulako festa". Irekiera ekitaldia 11:00etan egin dute eta Tolosa CFko eskubaloiko senior taldea eta futboleko neska eta mutilen taldeak omendu dituzte, mailaz igotzea lortu dutelako. Jon Maya dantzariak agurra egin die omenduei, Ander eta Iñaki Letamendiaren doinuak jarraituz.

Ekitaldian izan dira, Orioko bi parrillero eta Txinparta elkarteko kideak, Tolosako udal ordezkariekin batera. Ondoren, kirolariek zinta moztuz eman diote hasiera festari.

Gaur eta bihar, bazkariak eskainiko dituzte, 14:00etatik 15:00etara eta afariak gaur gauean, 20:30tik 22:00etara. Oraindik ere azken sarrerak salgai direla aipatu dute Txinpartakoek eta bertara joateko, Tolosaldea Tourren –943 69 74 13– edo tour@tolosaldea.net posta elektronikoan eman daiteke izena.

Gaurko irekiera ekitaldiaren ondoren, Zizka-Mizka-Boga gunea ireki dute. Tolosako zazpi eragile gastronomikok osatutako txokoa izan da eta arrainarekin loturiko pintxogune berezi, animatu eta gazte bat prestatu dute. Solana 4, Barriola harategia, Batean enpresa, Txinparta elkartea, Fronton jatetxea, 18:90k eta Txomin Parrila Hazik hartu dute parte ekimenean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!