Lurrin gozoak zabaldu dira Tolosan

Ataria 2016ko ekainaren 4a

Lehen aldiz Alondiga plazan egin dute Lore eta Landare azoka gaur Tolosan. 12 mintegi izan dira bertan, Errioxatik, Nafarroatik, Bizkaiatik eta eskualdetik bertatik gerturatutakoak.

Lore eta landareen usain gozoa Tolosako kaleetan zehar barreiatu da gaur. Ohiko lore eta landareez gain, lehen aldiz, Donostiako Hontza liburu dendako kideek postua jarri dute eta lorezaintzarekin zerikusia duten liburuak jarri dituzte salgai.

Horrekin batera, Topic museoak tailerra egin du eta loreekin txotxongiloak nola egin ikasi ahal izan dute bertaratutako gaztetxoek.

Apaingarriak ere izan dira Tolosako kaleetan zehar. San Frantzisko ibiltokian, esate baterako, Gipuzkoako Merkataritza Federazio barruan biltzen diren Lore Artean elkarteko lorezainek aste osoan zehar egin duten ikastaroan landutako apaingarriak jarri dituzte. Idoia Lizeagak zuzenduta, Izadia (Beasain), Jacaranda (Donostia), Mimiku (Donostia), Ormazabal (Lasarte), Arregi floristas (Tolosa), Arantza (Zarautz) eta Goilore (Zumarraga) dendek hartu dute parte. Tolosako Udalak diruz lagundu du ekimena eta Tolosa&Co elkarteak babestu du.

Gureak taldeak, bestalde, Gaztelako atean, Trianguloa plazan, jendearen ikusmina sortu duen lorategi iraunkor bat jarri du. Hurrengo asteetan mantenduko dute toki horretan.

Berdura plazan, ohiko mintegi eta barazki saltzaileak izan dira gaur ere lanean larunbatero bezala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!