Mari Luz Esteban: «Zalantzan jarri behar da maitasuna gure ideologiaren gailurrean izate hori»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 3a, 08:41

'Adiskidetasuna eta elkar-babesa' mintegia eskainiko du, bihar, Tolosako jabetze eskolaren barruan; maitasun eta familia ereduez hausnartuko dute.

Antropologoa da, eta esparru horri dagozkion adarrak ikertzearekin uztartzen du, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle lana. Mari Luz Esteban (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, Espainia, 1959), ordea, feminista da horren guztiaren gainetik, eta antropologo, ikerlari, irakasle nahiz herritar izateko begirada eskaintzen dio hautu sozio-politiko horrek.

Betaurreko horiek erantzi gabe, bihar bertan eskainiko du, Tolosako jabetze eskolaren barruan, Adiskidetasuna eta elkar-babesa izeneko mintegia.

Adiskidetasunaren inguruan hausnartuko duzue, baina, zein adiskidetasun? Noren artekoa?

Horren inguruan hitz egitearen ideia maitasunaren inguruko nire ikerketatik dator. Badaramatzat zenbait urte horren inguruan hausnartzen, eta iruditzen zait, normalean, maitasunaz edo harremanez hitz egiterakoan, bikote harremanaz hitz egiten dela batez ere; zenbaitetan familiaz, amatasunaz edo guraso izateaz. Aldiz, adiskidetasunaz gutxiago hitz egiten da, nahiz eta gure bizitzan oso garrantzitsua izan. Nire kasuan, gainera, ikerketak egiterakoan, askotan emakume feministekin edo inguru feministetan dabiltzan pertsonekin aritu izan naiz lanean. Segituan konturatzen da bat, testuinguru horietan dabiltzan pertsonentzat adiskidetasuna oso garrantzitsua dela. Horrela, beraz, iruditzen zitzaidan adiskidetasunaz hertsiki hitz egin beharra zegoela, garrantzia emanez, eta ez, hainbeste, maitasun harremanez, kontzeptu horren barruan dena sartuz.

Familia aipatu duzu. Egungo familiak adiskideek osatzen al dituzte, gero eta gehiago?

Normalean, familiaz zera ulertzen da: elkarrekin bizitzen den pertsona multzoa; hori da, esaterako, EUSTAT bezalako erakundeek neurketetarako erabiltzen dutena. Baina, noski, gure mintegian, adibidez, ez dugu familiaz zentzu horretan bakarrik hitz egingo, eta familiatzat proposatuko ditugu, nolabait, elkarrekikotasunean dauden pertsona multzoak; talde horiek, batzuetan, ez dira elkarrekin bizi, baina harremana izaten dute, etxeetatik aparte. Beraz, nik hori ere jorratu nahi dut, eta gogoeta bat egin, harreman horiek gure egunerokotasunean zein garrantzitsuak diren pentsatzeko, baina, aldi berean, nahiko ikusezinak direla plazaratzeko. Ikusezinak, bai agiri eta ikerketa ofizialetan, eta baita ikerketa feministetan ere, bigarren lerroan geratzen baitira sarri.

Izen edo egitura ofiziala falta zaio, beharbada, lagunarte horri?

Bai, hori da. Egia da kuadrillaz hitz egiten dugula sarri, baina nik elkar-zaintzarako edo elkar-babeserako talde edo komunitateen izena baliatzen dut, edozein kuadrillatatik bereizi nahi ditudalako harreman sare horiek. Antzeko ezaugarri asko izango lituzkete baina, halaber, badituzte ezaugarri propioak ere.

Adibidez?

Nik aztertu izan ditudan taldeak, normalean, emakumez osatutakoak izan dira, zenbait gizon ere baziren arren. Adiskide diren emakumeen arteko harremanak izan ditut aztergai, eta izan zitezkeen 10, 20 edo kide gehiago; tamaina aldakorra da. Hor gertatzen dena da, gu halako sareetan sartuta gaudela, eta sare horiek aktibatu egiten direla beharrezkoa denean: gaixotasun baten aurrean, haur bat jaiotzen denean edo eguneroko elkar-babesean. Talde horiek ez dira ofizialak, baina guretzako garrantzitsuak dira, eta horren inguruan ere gogoeta egingo dut mintegian: talde horiek nolakoak diren ikusi eta eztabaidatu, zein egitura duten aztertu, zer-nolako harremanak mantentzen dituzten, zein erritori jarraitzen dioten sare horiek sendotzeko,...

Zer izan liteke errito bat?

Gaur egun, adibidez, oso modan daude hamarkadan aldatzen gareneko urtebetetzeak ospatzea: 40ak, 50ak,... Bada, jai horiek oso onak dira, norbere taldea zein den ikusteko, izan ere, pertsona asko gonbidatzen ditugu festara, eta horiek guztiak dira bakoitzaren sarekoak. Horregatik, sare horiek ikusaraztea oso garrantzitsua da bitalki, eta baita politikoki ere.

Zure ikerketa emakumeengan oinarritu duzu. Garai bateko emakumeek gaur egungoen harreman sare horiek bazituzten, ala hori ere aldatu egin da?

Ez dakit hainbeste aldatu den. Baina emakumeontzat, batez ere, inguruko adiskideak oso garrantzitsuak dira, gizarteak agintzen duenetik kanpoko proiektuei ekiterakoan; lan, bizitza edo sexu proiektuak. Familia eta bikotea ere babes garrantzitsu izan daiteke, baina bestelako sare horiek ezinbestekoak direla esango nuke, batez ere, arauak apurtu nahi ditugun emakumeon kasuan. Sinpleki esanda: emakumeok, gauzak aldatzekotan, lagunik gabe ez goaz inora.

Mintegia aurrez beste hainbat tokitan ere eskaini duzu. Zein erreakzio bildu duzu entzuleen aldetik?

Harrera ona izan du. Hasieran, egia esan, jendeak harridura azaltzen du, esan bezala, ez garelako konturatzen lagunen sarea zenbaterainokoa den. Hiru orduko saioa izaten da eta, hasierako gogoetaren ondoren, taldetxotan banatuta lan egiten dugu, norbere lagun sareei buruz hausnartu eta, azkenik, ondorio orokorrak biltzeko. Gainera, ez dugu harreman sare horien aitortza hutsa gure artean egiten; areago, talde horiek zer nolako aitortza ofiziala lantokietan edo beste hainbat esparrutan beharko luketen ere hausnartzen dugu.

Bide horretan, adiskidetasun sareen kontzientzia zabaltzea al da zure jomuga?

Besteak beste, bai. Batetik, plazaratu nahi dut maitasun harremanak ez direla, bakarrik, ofizialki kontuan hartzen ditugunak: familia nuklearra, bikotea,... Badirela, alegia, elkartasunean bizitzeko beste modu batzuk. Hari horri tiraz, beraz, EUSTAT bezalako iturri instituzionalek laguntasun sareak kontuan hartzea eska genezake, hasteko; bide batez, gero eta gehiago ari dira horretan. Finean, gure gizartearen argazkia hobetzea litzateke pauso hori ematea. Bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zait, gure gizartean bikote harremanek daukaten hierarkia hori zalantzan jartzea. Azken finean, ideologia batek eraikitako zerbait da, eta familia modu jakin batean sortzen dugu hortik abiatuta: idealena bikote bat abiapuntu izatea da, oro har. Baina antolaketa sozial hori ez da bakarra eta, gainera, ez da beti onena, harremantzeko modu batzuk inplikatzen dituelako. Emakumeen kasuan, adibidez, beti besteren zerbitzura egoteko behar hori dakar ideologia erromantiko horrek.

Maitasun erromantikoa aipatu duzunez, nola ikusten dituzu belaunaldi berriak ideal horrekiko?

Nik uste dut ideal erromantikoek indarrean jarraitzen dutela. Aldatu egin dira, baina, dena den, paradoxa interesgarri bat bada, horri dagokionez. Bihotzaren sinboloa zenbateraino erabiltzen ari garen pentsatzeko modukoa da, batetik; edozein denda, leku, edo markatan sinbolo hori normaltasunez erabiltzen da, eta ez da doakoa. Baina, ideologia erromantikoak zentzu horretan indarra hartu duela ikusten dudan modu berean, bestalde, esango nuke badakigula bikoteak ez direla betirako. Gure gurasoen belaunaldiarekiko zenbait gauza aldatu dira, baina, ideologiak hor jarraitzen du: oraindik ere, maitasuna gauzarik onena dela pentsatzen du gizartearen gehiengoak, maitasunagatik edozein gauza egin daitekeela eta beti dela ona. Nik beti aldarrikatu izan dut maitasuna gauza garrantzitsu bat izan daitekeela, jakina, baina gure bizitzetan badirela oso-oso garrantzitsuak diren beste hamaika gauza ere, adibidez, justizia eta elkartasuna. Guztiak maila berean jarri behar ditugu, eta zalantzan jarri behar da maitasuna gure ideologiaren gailurrean edukitze hori. Halaber, gazteek ere gogoeta egin behar dute horri buruz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!