Nerabeentzat, nerabeekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ekainaren 2a

Tolosako prebentzio mahaiak lehen ikasturtea osatu du, eta «oso balorazio ona» egin dute eragileek

Hezkuntzaren, gazteriaren nahiz osasunaren inguruan aritzea eguneroko lan duten eragile eta norbanakoak biltzen ditu, irailaz geroztik, Tolosako prebentzio mahaiak. Nerabeen inguruko arazoak eta kezkak landu, eta prebentzio lana egitea da foroaren jomuga, eta ikasturte «arrakastatsua» izan dela berretsi dute.

Olatz Peon alkateak gazteei begira lan egitea «ezinbestekotzat» jo du eta, berarekin batera, baieztapena berretsi dute honako kideek ere: DBHko hiru ikastetxeetako ordezkariek; Osasun Saileko nahiz Osakidetzako teknikariek; udaleko Gazteria, Berdintasun eta Prebentzio teknikariek; Topaguneko hezitzaileek; kale hezitzaileek eta, azkenik, minbiziaren aurkako elkarteko psikologoek.

Horiek guztiek beren alea jarri dute amaitzera doan ikasturtean, nerabeen arazoei aurre egiteko, eta hiru izan dira lan-esparru nagusiak.

Batetik, doluaren gaia jorratu dute, suizidio arriskuari begira. Maiatzaren 25ean bi psikologo klinikok nerabeekin lan egiten duten profesionalei saio bat eskaini zien, gaia aurreikusi nahiz tratatzeko: «Gazteen heriotzetan hirugarren kausa da».

Bide beretik, Astelenita egunari begira botiloiaren aurka burututako kanpaina «oso arrakastatsua» izan zen. Gipuzkoako ikastetxe guztietako gurasoei gomendio gutuna bidali zieten inauteriei begira eta, halaber, hezitzaile gazteak kalean ibili ziren, edaten ari ziren gazteei gomendioak, ura eta janaria emanez.

Orain, berriz, udalaren webgunean gazteek beren zalantzak argitu ahal izateko txokoa egokituko dute. Hi haiz hi! izena hartuko du orain, baina banner eta izenburu lehiaketa abian jarriko dute datorren irailean, Minbiziaren Aurkako Elkarteko martxarekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!