Booloo Gipuzkoa senegaldarren elkartea aurkeztu dute

Imanol Garcia Landa 2016ko eka. 1a, 13:05

Larunbatean egingo den pintxo-potearen lekuan, Xirimiri kafetegi-tabernaren aurrean, egin dute aurkezpena.

Beraien helburua "integrazioa bultzatzea eta ezagutzera ematea" dela azaldu dute. Aurkezpen ekitaldi modura pintxo-potea antolatu dute datorren larunbaterako Tolosan.

Senegaldar nazionalitateko 52 lagunek osatzen dute elkartea eta hauek, Tolosaldeko zazpi herri ezberdinetan bizi dira, gehienak Tolosan eta Villabonan. Partaideen %19a emakumeak dira eta gainontzekoak gizonak. Bertako lehendakaria Ndene Diop-ek azaldu duenez, elkartearen izenak "elkartu, taldea sortu esan nahi du woloferaz". Taldekideek 10 urte eta hiru hilabete artean daramatzate hemen. "Batzuk lanean daude, beste batzuk langabezian. Ikastaroak egiten ere ari dira hainbat", azaldu du Diop-ek.

Aurkezpen ekitaldi modura, datorren larunbatean, ekainaren 4ean, pintxo-pote senegaldarra egingo dute, "jendeak ezagutu gaitzan". Tolosako Errementari kalean dagoen Xirimiri kafetegi-tabernaren parean egingo dute, 12:00etatik 14:00etara. Senegaldar janaria dastatzeko aukera izango da: barrengorriak eta piper berdeak, eta arroza haragiarekin eta arroza oilaskoarekin. Ohiko euskal pintxoak ere izango dira. Ardoa eta garagardoa ere izango dela azaldu dute, eta baita Senegalgo zuku batzuk. "Gure kultura ezagutzeko modu bat izango da, Afrikako kultura eta bereziki Senegalgoa", esan du Diop-ek. Senegalgo musika joko duen taldea ere izango da ekitaldian.

Elkartetik azaldu dutenez, "gure asmoa da jendeari azaltzea migratzaileak garela eta gure helburua dela bizitza hobetzea. Ahal dugun gehiena integratu nahi dugu. Elkartearen helburua kulturarteko elkarrizketa sustatzea, Senegalekin lankidetzan aritzea eta jatorri atzerritarreko pertsonen integrazioa bultzatzea da. Ezagutzera eman nahi gara, jendeari esatea hemen gaudela bizitza hobeago baten bila. Horregatik ikusten dugu integrazio bide horretan garrantzitsua dela pauso bat ematea eta hortik dator elkartea aurkeztearena". Bide horretan, elkarteko partaideak "erroldatzera lagundu, bertako hizkuntzak, euskara zein gaztelera ikastera animatu, eta formazio kurtsoak egitera" gonbidatuko dituzte.

Bestalde, diskriminazio mota guztien aurka egin nahi dute elkartetik. Euren asmoa herritarrengana gerturatu eta elkar ezagutzea da, adibidez Bizilagunak bezalako ekimenetan hemen denbora gehiago daramaten familiekin bazkariak etxeetan eginez. "Errespetuz jarrerak bultzatuz, norabide guztietan, migratzaileak nor diren, zer nahi duten azalduz…", egin nahi dute bidea. "Funtsean, guztion, bereziki senegaldar jatorriko gipuzkoarren, bizi kalitatea hobetzen lagundu nahi da".

Urtebete daramatzate elkarte moduan eta larunbatekoa da antolatu duten lehen ekitaldia. "Horretaz gain, laster iritsiko da Ramadana, ekainaren 6an hasten baita", esan du Diop-ek. "Ramadanaren barruan azaldu nahi diegu jendeari nola izaten den. Horrez gain, San Joan jaietan parte hartzeko asmoa dugu, babarrunaren festan ere bai, eta futbol partida batzuk egitea Tolosan eta Berastegin".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!