Kontsumoari buruzko hausnarketa

Imanol Garcia Landa 2016ko ekainaren 1a

Taldeka landu dute gaia, eta Topaketaren bukaeran talde bakoitzak azalpenak eman ditu.

Eskola Agenda 21eko Tolosaldeko Topaketa egin dute gaur goizean Tolosako Trianguloa plazan.

Oihana Orkolaga Eskola Agenda 21eko dinamizatzaileak azaldu duenez, "urtero Tolosaldea mailan gai berdina lantzen dugu Eskola Agenda 21en barruan, eta ikasturte amaieran egiten dugu topaketa bat partekatzeko herri bakoitzean atera diren ondorioak, eta zer konpromiso eta proposamen atera diren lanketa horren ondoren. Gaur elkartu gara hemen helburu bikoitz horrekin. Alde batetik partekatzea, eta bestalde elkarrekin parte hartzea Alkizan egingo den Ingurumen Eguneko festan".

Kontsumo ekologikoa izan da ikasturte honetako gaia, eta gaur goizean egindako lanketarekin material batzuk sortu dituzte. "Horiekin erakusketatxo bat osatuko dugu Alkizan igandean erakusketako", azaldu du Orkolagak. "Kontsumo ekologikoa landu dute eta ikusi dute nola hainbat arlotan gure aukerarekin bideratu daitekeen gizarte eredu batera edo bestera. Hau da, ze inporta zaigu ikustea, edo gauza gehiago edukitzea edo gauza horiek nondik datozen eta nola ekoiztuta dauden aztertzea". Hausnarketa horretatik atera dira bilgarrien inguruko jolas bat, konpromisoen zuhaitza, ekoetiketen inguruko joko bat, urtebetetze festa bat antolatzeko ze aukera dauden... Eta horiek Alkizan igande honetan ospatuko den Ingurumenaren Nazioarteko Egunean erakutsiko dira. Hain justu, Alkizako ekitaldiez gain, Tolosaldeko beste hainbat herritan ekimenak antolatu dira Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren inguruan.

Datorren ikasturterako aukeratu duten gaia ura da. "Ura baliabide moduan landuko dugu. Ikustea zer moduz dauden hemengo ibai eta errekak, eta ikasle helduenekin uraren pribatizazioaren inguruko aferak landuko ditugu", esan du Orkolagak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!