Zesta punta munduko pilota jokorik azkarrena da. Nahiz eta buruz buruko esku pilota partidak ikusita, bi modalitateen arteko tartea dezente txikitu den azken urteetan. Lehena ezagutzeko, Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteak haur eta gaztetxoentzat Ate Irekiak Jardunaldia antolatu du. Ekainaren 2an, ostegunean, izango da Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etatik 20:00etara.
Beotibar Elkartetik deialdia zabaldu dute, gonbidapena luzatuz, eta Ate Irekiak Jardunaldian edonork parte hartu dezakeela gogoratuz.
Beotibar Elkartea
Tolosako zesta punta elkartea duela 29 urte sortu zen, belaunaldi berriei pilota modalitate hori erakusteko asmoz. Egun, benjaminetatik hasi eta seniorretara, 30 pilotari dabiltza elkartean. Astearte eta ostegunetan egiten dituzte entrenamenduak Beotibarren. Ate Irekiak Jardunaldiarekin, kirola ezagutarazteaz gain, eskolara haur eta gaztetxo gehiago erakarri nahi dituzte.
Informazio gehiago:
675 70 57 94 telefono zenbakira deituta, edo beotibarzestapunta@gmail.com helbide elektronikora idatzita.