Oria ibaia garbitzeko lanean ari dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ekainaren 1a

Tolosako Udalak eta URA agentziak eman zituzten, atzo, egitasmoaren inguruko azalpenak.

Iurre auzoko zubitik Berazubiko zubira bitarteko zatia garbituko dute, astebeteko epean.

Tolosako Udala eta URA agentzia elkarlanean ari dira, Oria ibaiko hiri-hondakinak kentzen, eta urari ibaian behera egiteko behar adina espazio uzten. 2015eko urrian sinaturiko akordio baten lehen emaitzetakoa da, eta astebetez jardungo dute, Iurre auzoko zubitik Berazubiko zubira bitarteko eremuan.

Ibaiko biodibertsitatea babestea da jomuga nagusia, eta baita jalkitako sedimentuak berezko mailarekin orekatzea ere: «Landaredia mantendu egingo dugu, traba egiten ez duen heinean, uraren kalitatea ona izaten laguntzen duelako, eta biodibertsitatea mantentzen ere bai», azaldu du Haizea Errasti URA agentziako kideak.

Bere aldetik, Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak berebiziko garrantzia eman dio herritarrek ibaia ondo ezagutzeari: «Errespetatzen ikasteko modu bakarra da».

Udalak ibaiko sarbidea irekitzeko asmoa du, datozen urteei begira eta, Amantegik azaldu duenez, proposamena lantzen ari dira, eskailerak nahiz ur ertzeko bidexkak egin ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!