Sorkuntzaz hausnartuko dute, Zerkausian, Benito Lertxundirekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 31a, 17:50

Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Galtzaundi Euskara Taldeko kideek.

Sormenetik egitasmoak hitzordu berri bat izango du larunbatean, 10:30etatik 12:00etara bitarte; euskara, kultura eta azoka uztartuko dituzte

Iazko martxoan ekin zioten, Tolosan, euskara, kultura eta azoka uztartzeko egitasmoari, eta larunbatean hitzordu berri batek hartuko du Zerkausi azpiko gunea. Benito Lertxundi oriotarra izango da protagonista eta, haren kantagintzaren inguruan, poesia, musika, ilustrazioak nahiz azokako produktuak elkartuko dira, 10:30etatik 12:00etara bitarte.
Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosako azokako dinamizatzaileek elkarlanean saretutako proiektua da, «euskal kulturgintzaz hausnartu eta euskaltzaleak batzeko helburuarekin». Horrela, Eñaut Elorrieta, Jakoba Errekondo, Xabi Solano, Aiora Zulaika, Jone Gorostarzu, Joxi Ubeda eta Xabier Zeberio izan dira, besteak beste, elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile gisa parte hartu izan dutenak.
Hilaren 4ko hitzorduko ardatza, berriz, euskal kantagintza izango da, eta abiapuntu hori baliatuko dute, euskal gizarteak 1970ko hamarkadaz geroztik jasandako aldaketa aztertzeko, eta kantagintza horrek emandako fruituez gozatzeko; zehazki, Benito Lertxundiren kantuez.

Hiru begiradaren erradiografia

Kantari oriotarra gertutik ezagutzeko «aukera ezin hobea» izango dela nabarmendu dute Galtzaundiko kide Idoia Lahidalgak eta Imanol Artolak. Izan ere, haren kantuak entzun eta aztertzeaz gain, hiru elkarrizketatzailek zukua aterako diote oriotarrari, hiru ikuspuntutatik.
Imanol Artola amezketarra izango da elkarrizketatzaileetako bat. Nazio eraikuntzaren inguruko unibertsitate masterra burutu zuen, eta amaierako lana egiteko, Benito Lertxundiren kantagintza «aitzakiatzat» hartu zuen, azaldu duenez: «Bere lanak 1970tik honako aldaketa soziopolitikoak islatzen ote zituen ikusi nahi izan nuen, eta lanaren ondorioetan ikusi nuen, Lertxundiren ondarean garai desberdinak nabari direla».
Horrela, beraz, Artolak egindako lana baliatuz, «collage moduko bat» osatuko dute larunbatean: «Nire lanaren edukia modu akademiko batean plazaratu beharrean, pentsatu nuen beste bide batzuk ireki genitzakeela denboraren eta kantagintzaren ibilbide hori azaltzeko. Horrela, Inar Sastre musikariarekin harremanetan jarri nintzen, bai bainekien emaitza horretara gerturatzen lagunduko zidala».
Piano doinuek eta Benito Lertxundiren kantu errezitatuek bat egingo dute, beraz, aipaturiko collage hori osatu eta euskal gizartearen garapena plazaratzeko: «Sentimenduetatik abiatuz, une batzuetan pianoak hitzek baino garrantzi handiagoa hartuko du», dio Imanol Artolak.
Sarrera artistikoaren ondotik, Benito Lertxundiren ahotik jarraituko dituzte, bertaratuek, euskararen, sormenaren eta kulturaren inguruko hausnarketak. Bere esanek, ordea, hiru gidari izango dituzte: Imanol Artola bera, Juantxo Zeberio piano jotzaile eta taldekidea, eta Naroa Anabitarte tolosarra.
Hirurek ala hirurek ezaguna dute Lertxundi, arrazoi eta bide desberdinetatik, eta norberak bere ikuspuntutik egingo dio erradiografia: «Zukua ateratzeko lanabes egokiak izaten saiatuko gara», dio Imanol Artolak.
Bi ordu inguruko ekitaldian, Garikoitz C. Murua ere lanean ariko da, Lurretik ahora izeneko ilustrazioa unean bertan sortzen. Eta, hain zuzen ere, lurretik ahora eramateko moduko mokadutxoak banatuko dituzte, Zerkausi azpian, hitzordura bertaratzen direnen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!