#TolosaZilarrera

Galdu arren, ongi gozatuta

Mikel Iraola 2016ko mai. 29a, 14:15

19-21 galdu du Tolosa Eskubaloiak igoera faseko hirugarren eta azken partida. Erritmo lasaiagoarekin jokatu du talde urdinak, eta egun hauetan minutu gutxiago izan dituzten jokalariei protagonismoa eman nahi izan die gaurkoan Noguesek. 

"irten gozatzera!", esan die Ioritz Goikoetxeak gainerako jokalariei, kantxara ateratzear zirela. Baina hori baino lehen, ez dute ahaztu ostiraletik Usabal bete duten zaleei eskerrak ematea: "Eskerrik asko Usabal" zihoen pankarta batekin atera dira kantxara.

Gero, gerokoak. Emaitzari so egin gabe, egun hauetan bizitako festa giroaz beste modu batera gozatzeko aukera izan dute tolosarrek, lasaiago, presiorik gabe, eta protagonismoa beste jokalari batzuei emanez. Izan ere, guztiek merezi zuten beren momentikoa igoera fase honetan, lortutakoa talde lanaren fruitua baita. 

Erritmoz lasaiago irten arren, garaipena izan dute helburu Noguesen mutilek. Eta ia partida osoan zehar markagailuan atzetik izanda ere, izan dute irabazteko aukera. 8-12 amaitu da lehen zatia, Chapelaren alde, eta bigarreneko 15. minuturako buelta ematea lortu du: 16-15.

Hortik aurrera parekatua izan da partida. Hiru minuturen faltan 19-19koa zen markagailua, baina tolosarrena ez da gehiago mugitu; galiziarrek, berriz, beste bi gol egiteko aukera izan dute. 

Denbora agortuta, ospakizunen txanda iritsi da; taldeak merezitako dominak eta kopa jasotzeaz gain, gainera, banakako beste hiru sari ere jaso dituzte bi jokalarik. Urtzi Otegi faseko atezainik onena izendatu dute; Ioritz Goikoetxeari, berriz, goleatzaile onenaren eta jokalari onenaren sariak eman dizkiote. Ondoren, guztiek izan dute koparekin argazkiak ateratzeko aukera. Azkenean Kordoba izan da bigarren sailkatua, goizeko lehen partidan Sant Quirzeri 31-29 irabazi eta gero. 

Festak kalean jarraituko du gero. 20:00etan harrera egingo diete jokalariei Tolosa udaletxean.

Argazkiak: Asier Imaz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!