XIV Orduko Martxa 2016

Lehen mendizale uholdea Gorritin

M. Iraola / A. Imaz 2016ko maiatzaren 29a

07:45ak aldera iritsi dira lehen mendizaleak Gorritiko kontrol gunera. Txartela erakutsi, estiratu, jan-edanak egin, eta indarrak hartu ondoren, bideari jarraitu diote. 

07:00ak aldera boluntarioek dagoeneko prest zuten Gorritiko elizaren ondoan kontrol gunea. Berbetan pasa dute denbora, lehen mendizaleak iristen hasi diren arte. Ondoren, ez dute atsedenik izan. 

Umoretsu eta oraindik indar askorekin iritsi dira lehen kontrolera. Landak zintzarria astintzen zuen bitartean, etenik gabe iritsi dira mendizaleak: tropeltxotan, bikoteka edota bakarrik. Lehen hamaiketakoa egiteko aprobetxatu dute askok: zatoa atera eta dzanga-dzanga! Beste batzuk, botak askatu dituzte, hankek arnas pixka bat har zezaten. 

Momentuz, bikain doan dena. Gurutze Gorriak guztia "normaltasunez" doala azpimarratu du. Eguraldia ere lagun dute. Ea horrela jarraitzen duen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!