XIV Orduko Martxa 2016

Hasi dira ibilian

M. Iraola/A. Imaz 2016ko maiatzaren 29a

XIV Orduko Martxa hasi da. Berazubin ia 2.000 mendizale elkartu dira, eta zenbakiaren arabera pasa dute lehen kontrol gunea. Hasiera batean bakoitzak bere irteera ordutegia zuen, baina antolakuntzak aldatzea erabaki du eta ehunakako multzotan abiatu dira. 

Berazubi estadioaren kanpoaldean goizean goiz hasi da mugimendua. 04:45ean antolakuntzak ongietorria eman die mendizaleei, eta bidean zehar gogoan izan beharreko aholku eta jarraibideak eman dizkie. Baina mezu nagusia, bat eta bakarra: "Gozatu mendiaz".

Batzuk Iurreko tabernan kafea hartzen zuten bitartean, lehen parte hartzaileak 5:00etan abiatu dira, eta minutu bateko tartearekin, guztiak jarri dira martxan. Edurne Pasaban eta Iker Karrera kirolariak, edota Andoni Aizpuru telebista aurkezlea izan dira aurpegi ezagunetako batzuk. Eskualdeko nahiz beste txoko askotako jendea etorri da.

Aurten anoa guneetan janaririk ez da egongo, eta irteeran motxilak begiratuz gero erabaki horren ondorioa ikus zitekeen. Hala eta guztiz ere, ez da beste munduko zamarik zeraman mendizalerik ikusi. Batek baino gehiagok bidean laguntza izango dutela onartu dute. 

Beste berrikuntza, ibilbidean egongo da. Minetatik behera guztiak hasiko dira jaisten, baina ondoren bidegurutzea izango dute. Batzuk mendiz egingo dute itzulerako bidea, eta beste batzuk, berriz, betiko bidetik. Aurrez aukeratu behar izan dute bidea parte hartzaileek, baina segurtasunagatik, 16:30etik aurrera datozen mendizaleei betiko bidetik joatea behartuko diete. 

Hasi dira ibilian. Ongi amaitu dezatela. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!