#TolosaZilarrera

Zilarreko taldea da Tolosa!

Mikel Iraola 2016ko maiatzaren 28a

Eta beste igoera bat. Oraingoan Tolosa Eskubaloia. Azken partidako emaitzari begiratu behar izan gabe, Bigarren Mailako taldea da Tolosa Eskubaloia, markagailua irauli eta Sant Quirzeri 25-24 irabazi ostean. Partida ikusgarria izan da. 

I-ka-ra-ga-rri-a! Atzokoa gogoratzeko modukoa izan bazen, gaurkoa ez ahazteko modukoa izan da. Oroitzapenetan iltzatuta geratuko da, Tolosak lortutakoa ez baitageo edonoren eskura. 

Eta bakoitzari berea. Inork ez zuen uste Tolosak horrela lortuko zukeenik igoera, baina lan askoren ondoren, ez da ustekabea izan. Guztiz merezitakoa izan da. Igoera lortzeko faborito nagusia zen Sant Quirzek tolosarren nagusitasuna onartu besterik ezin izan du egin. Hori bai, amaieran. Ordura arte sekulako partida jokatu baitute bi taldeek. Benetako ikuskizuna.

Eta hor meritu izugarria izan dute tolosarrek. Akaso ez dira izango indartsuenak, teknikoenak... baina gaur buruak eta gogoak irabazi dute. "Beldurtu beharrean, jokalari gazteenek pausu bat ez, bi eman dituzte aurrera", azaldu du Alex Nogues entrenatzaileak. Izan ere, gaur bikain aritu dira taldeko gazteenetakoak diren Ander Uranga, Julen Garcia, Dani Mendinueta edo Iker Ortiz. Eta nola ez, Urtzi Otegi. Txapela kentzekoa.

Aldapan gora, aldapan behera

Gauzak zail jarri zaizkio talde urdinari lehen minutuetan. Erasoan hutsak egin ditu, golik ezin sartu zebilen, eta hori baliatu dute kataluniarrek tarte zabala irekitzeko markagailuan. 22. minutuan zazpi goleko tartea izan du Sant Quirzek bere alde, 5-12. 

Baina tolosarrek ez dute etsi. Zaleek ere sinestarazi egin diote taldeari. Harmaila parez pare ikusteko pribilegio hori izan dugun gutxiok, esan dezakegu ikaragarria izan dela ikusitakoa. 

Noguesek hutsartea eskatu du, eta taldeari lasaitzeko eskatu dio. Bada, esandakoak balio izan die, atsedenaldirako berriro partidan sartu baitira: 10-12. 

Baina atsedenaldirik egon ez balitz bezala, olatuan jarraitu du Tolosak, eta segituan markagailua berdintzea lortu du. Hori bakarrik ez, zazpigarren minuturako aurrea hartu du lehen aldiz: 14-13. Hortik aurrera, aldapan behera zihoan makina geldiezin bat izan da Tolosa. A zer bigarren zatia!

Hainbat minutuz bi jokalari gutxiagorekin ere aritu da, baina orduan ere, bere alde zuen tartea mantentzea lortu du. Lau goleko aldea ere izatera iritsi da Tolosa: 20-16 edota 23-19. Kataluniarrek, ordea, azken minutuetan asko estutu dute, eta tentsio handiko azken minutuak jokatu dira Usabalen. Beteranoenek, ordea, ondo gidatu dituzte gazteenak, lasaitasunez. Eta iritsi da saria. 

Harmailetan zeuden ehunka zaleak kantxara irten dira pozez: BIGARREN MAILARA!

Eta bihar, hirugarren partida. Festa izango da nagusi, eta herritarrei bertaratzeko deialdia egin die klubak. Merezi dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!