#TolosaZilarrera

Sant Quirze, aise

Mikel Iraola 2016ko maiatzaren 27a

Sant Quirzek aise irabazi dio Chapelari igoera faseko lehen norgehiagokan. Fisikoa, gogorra eta intentsitate handikoa izan da neurketa, eta kataluniarrak hasieratik amaierara izan dira aurretik markagailuan.

Hasi da Tolosako igoera fasea. Galiziarrak eta kataluniarrak izan dira lehen partidan nor baino nor gehiago, eta azken hauek nagusitu dira, (26-33) partida borobila eginda.

Partida berezia zela nabaritu da hasieratik: bi taldeak kontzentratuta irten dira kantxara, eta gogortasuna izan da lehen zatiko ezaugarririk nabarmenena.

Lehen minutuak orekatuak izan dira, baina lehen zatiaren erdialdetik aurrera Sant Quirzek tartea zabaldu du markagailuan, 1-6ko bolada baten ondoren. 5-6tik 6-13kora igaro dira. Bidasoan ibilitako Ricard Reigek eta Hiraldok berak eta bi egin dituzte erasoan. Zortzina gol sartu dituzte bakoitzak. 9-16 amaitu da lehen zatia.

Bigarrena ere lehena amaitu denaren bidetik hasi da. Kataluniarrak jaun eta jabe ziren kantxan, eta aldea nabarmen zabaldu dute. 10 goleko errenta izatera ere iritsi dira.

10 minutu falta zirela, ordea, galiziarrek estutu egin dute eta gerturatu egin dira. Bost minuturen faltan Sant Quirzeko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du galiziarren bolada ona mozteko. Bada, mesede egin dio, azken minutuetan berriro ere zazpi goleko errenta hartu eta lasai amaitu duelako partida. Amaieran, 26-33. Adi kataluniarrekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!