Arte eta elikagai ekoizleak, bat eginik

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 30a, 12:00

Ardo baten adina eta jatorria jakin daitezke ikuste hutsarekin. Ikusmena da dastaketan esku hartzen duen lehen zentzumena eta ardoaren itxura fisikoari jariakortasuna, mugikortasuna, gardentasuna, burbuilatzea eta koloreari intentsitatea, bizitasuna, tonalitatea eta ñabardura begiratuta baliozko informazioa jaso dezakegu». Mikel Zeberio, Viandar aldizkariko editore eta kritiko gastronomikoak esandako hitzak dira.

Ardoen desberdintasuna eragiten duten parametroak aipatu zituen Euskonews & Media aldizkari digitalaren 100. zenbakian, eta zehazkiago esateko, Arabar Errioxako ardoaren dastaketaren inguruko gida eman zuen. Ardo zurietan, gorrietan eta beltzetan antzeman daitezkeen ñabardurak zerrendatu zituen Zeberiok eta guztiak daude bilduta, egunotan, Tolosako Plaza Berrian kokatuta dagoen Lurlan Bistroteko erakusketan.

Proiektu zabalago baten barruan kokatzen da Ardoaren kolorea erakusketa eta Garikoitz C. Murua tolosarrak osatu ditu sei koadroak. «Lurlan Bistroten dagoen produktu bat oinarri bezala hartu behar genuela jakin nuenean, niretzako arrotza zen zerbaiten bila jo nuen. Ni ez naiz, oro har, ardozalea. Pentsatu nuen nire jakintza zabaltzeko bidea ematen zidala proiektu honek. Behin erakusketa jarrita ardo bat dastatzera gonbidatu ninduten eta horrek interesa piztu dit. Bodegaz irakurri dut eta orain gehiago dakit. Bide bat zabaltzea da, aldi berean, erakusketaren helburua». Ekainaren 19ra arte izango dira Muruaren sei koadroak ikusgai.

Gko eta Lurlan, elkarlanean

Lurlan Baserritar Elkarteak baserrietan ekoiztutako produktuak kontsumitzaileari zuzenean eta bitartekaririk gabe banatzeko helburuarekin sortu ziren. Elkarteetan parte hartzen duten guztiak dira ekoizle, bai eta transformazio lanaren egile eta erantzule. Nekazal-ekonomiaren garapena sustatzea dute helburu eta kontsumitzailearen zuzeneko harremana, besteak beste, Tolosako Plaza Berrian dagoen bistrot saltokiari esker gauzatzen dute. Bertako produktuak ezagutzera emateko asmo horrekin gerturatu ziren Lurlaneko kideak GKo galeriako kideekin.

Tolosako Kale Nagusiko 24. zenbakian dago kokatuta arte galeria. Baina hori baino zerbait gehiago da, Muruaren esanetan, «2008an hasi genuen proiektua, arte urbanoan espezializatutako espazio bezala eta 2013ko irailean, kokagune berrian zabaldu genituen ateak, beste aurrerapauso bat emateko asmoz». Artea, sorkuntza, esperimentazioa, diseinua eta proposamen berriak biltzen dituen elkarbizitza eta topaketa eremu bezala definitzen dute GKo. Une honetan, proiektu ezberdinak lantzen ari dira Intxaurrondoko kultur etxean, Irungo gaztelekuan eta Tabakaleran. «Leku bakoitzean kontziente izan behar dugu non gauden eta zein mezu landu nahi dugun, horren arabera aukeratzen baita obra bat edo bestea».

Lurlanekoak ere proposamen zehatzarekin gerturatu ziren arte galeriara: bertako produktuak ekoizten dituen baserritar kooperatiba baten nortasuna ekarri nahi zuten arte lanetara, bertako artisten eskutik. «Interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik», dio Muruak, egutegi bat proposatu ziguten eta hori ez da ohikoa izaten. Ez da, soilik, paretak betetzeko nahi bat. Espazio horretara egokitzen den proposamen bat lantzeko gonbita egin ziguten, bat egin behar du obrak dagoen lekuarekin».

Baldintza gutxi jarri dituzte, beraz: Lurlan Bistroten aurki daitekeen produktu baten nortasuna sei piezetan transmititzea, nahi den teknika erabilita. Muruaren esanetan, «sormenezko lan horretarako, erreferentzia bat hartu daiteke. Nik lehenengorako kolorea hartu dut, baina beste batean izan daiteke zaporea. Puntu batetik abiatuta egin daiteke lanketa. Ikerketa lan txiki bat egitera behartzen zaitu proiektu honek. Produktua sorreretatik, saltokira iritsi bitartean egiten duen bidea ezagutu behar duzu. Baserritarrekin harreman bat sortzen da eta hori beti da aberasgarri. GKo-n aurretik ere, jardun dugu elkarlanean Tolosako Azokako ekoizleekin eta herriko sukaldariekin». Seina koadro zazpi astez. Era horretara antolatu dute urtebeteko programazioa. Lehen hirurak, dagoeneko lotuta daude. «Jarriko dugun hurrengoan, familia erretratuak izango dira protagonista, baina baratzeko produktuekin jolas eginez. Aurreratu dezaket, ilustrazio lanak izango direla».

Espazio txikia da Plaza Berrian dagoen Lurlan Bistrot saltokia eta horretara moldatu dute erakusketa gunea. 50 x 70 neurria duten sei koadro jarriko dira eta artista bakoitzak neurri horretara ekarri beharko du bere lana. Beti formatu berdina izateak, asko erraztuko die lana GKo galeriako kideei. Pareta ez da koadroak jartzeko oso egokia, harria delako parte batean. Hala ere, Muruaren ustez, badu bere xarma tokiak: «Hezetasun handia dago eta nik jarri ditudan koadroak okertu egin dira. Bizitza propioa dutela dirudi. Interesantea da, denboraren joanak lanari nola eragiten dion ikustea».

Saltokira gerturatzen den jendearekin elkarrekintza bilatzea da erakusketaren beste helburuetako bat. Erosketak egin edo zerbait kontsumitzera gerturatzen den jendeak koadroak ikusiko ditu bristot-ean eta gehiago ikasteko aukera izango du. Lurlaneko kideek ere, aitzakia bat izango dute koadroekin, bezeroarekin hartu emana egin eta produktua probatzera emateko. Jakinduria zabaldu eta partekatzeko asmoz antolatuko dira erakusketak, «eta hori balore handi bat da», Muruaren ustez, «zati bat artistek jartzen dutelako eta bestea produktoreek».

Tolosako galeria arduratuko da zazpi astez behin antolatuko diren erakusketak koordinatzeaz. Irekia da parte hartzea. «Badaude artista batzuk guregana etortzen direnak euren obrak erakutsi nahi dituztela esanez. Beste batzuk, Lurlanera bertara gerturatu dira. Azkenik, ikusten badugu artista batek, proiektu honen parametroak egoki betetzen dituela, gonbita luzatzen diogu parte hartzeko». Programazioaren barruan erakutsiko diren arte lanak salgai jartzeko aukera emango zaie artistei eta salmentarako aukera hori izatea eskatu zaio Lurlani. Muruak nabarmendu bezala, «artistaren lana eta denbora dago hemen eta obra hauek kostu bat dute. Egitasmo honekin jasotzen dugu jakinduria, partekatzen dugu jakinduria hori jendearekin, baina gero ordain bat jasotzeko aukera ere badugu. Baserritarrek euren produktuekin egiten duten gisan» .

Sei koadro eta mila kolore

Baigorri upategiko ardo bat eskutan duela azaldu ditu Garikoitz C. Muruak, Tolosako Lurlan Bistroten ikusgai jarri dituen koadroak. «Nik ere gehiago ikasteko aukera izan dut. Jende askok du ardoaren inguruko kultura eta nik nirea zabaltzeko aukera izan dut». Ardo bakoitzeko beltza, gorria eta zuria, bina koadro jarri ditu artista tolosarrak eta espraia erabili du horretarako, graffiti mundutik datorrelako. «Zeberioren artikuluan ñabardura asko ageri dira; Esate baterako, ardo zurietan, limoi kolorea, horixka, anbar edo urre kolorea aipatzen ditu eta nik horiek guztien interpretazioa egin eta den-denak jaso ditut koadroetan». Nahastuta ageri dira kolore guztiak: arrosa, mugurdia, laranja kolorea, tipula-azal kolorea, gorri purpura, gerezi kolorea, morea, okrea, iodatua... Horrekin batera, artistak ardo botilari egin dio erreferentzia molde bat erabilita: positibo bat eta negatibo bat. «Horrek aukera ematen du kolorea era batera edo bestera ikusteko, ez baita berdin hautematen. Joko hori proposatu nahi izan dut».

Koadro bakoitzaren ondoan azalpenak ematen dituen testua jarri du Muruak eta QR kode baten bitartez, http://lurlanbistrot.blogspot.com.es helbidera bideratzen ditu bisitariak. «Galeria bezala funtzionatzen du. Blog horretan erakusketan jarri diren koadroak daude ikusgai, txostenak irakurri daitezke, arte lanen prezioak kontsultatu, erosteko aukera ematen du... Gune hori zabala da, irekia, jendeak kontsultatu dezan».

Astelehenetik ostegunera, goizez 10:00etatik 16:30era dago zabalik Lurlan Bistrot denda Tolosan eta arratsaldez 18:00etatik 22:00etara. Ostiraletan eta larunbatetan, berriz, 10:00etan hasi eta 23:30ak arte dago irekita. Han izango da ikusgai, Ardoaren kolorea erakusketa, ekainaren 19ra arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!