Dastatzeko, usaintzeko, gozatzeko

Mikel Iraola 2016ko mai. 25a, 18:36

Gastronomia, natura eta kultur batuketaren emaitza izango da ekaineko lehen asteburua Tolosan. Bisiguaren festak, Lore eta landare azokak, eta Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak bisitarien jomuga bihurtuko dute Tolosa ekainaren 4an eta 5ean. 

Zortzigarren urtez antolatu du Txinparta Elkarteak Bisiguaren Festa. Oriotik etorritako hiru parrillerok -Joxe Mari jatetxeko Andoni Manterolak, Katxinako Joxe Migel Zendoiak, eta Xixarioko Luis Mari Urangak- 300 bisigu baino gehiago erreko dituzte bi egunetan, aurten, berriro ere, Zerkausian

Txuleta festan izandako harrera ona ikusirik, zizka mizka gunearen esperientzia ere errepikatu egingo dute Bisigu Festaren baitan. Zizka Mizka Boga deitura eman diote espazio horri, itsasoko jakiak izango baitira pintxo horien osagai nagusienak. 

Tolosako zazpi jatetxe eta tabernek, nahiz Txinparta elkarteak, hartuko dute parte dute lan horretan: Solana 4, Barriola Harategia, Batean, Fronton, Txomin Parrilla, Hazi eta 1990. 2,5 eurotan salduko dituzte pintxoak. Hauexek izango dira:

  • Ibarrako piparren gila, Kantauri itsasoko antxoarekin eta olibarekin
  • Legatz solomoa tenpuran soja saltsarekin
  • Kantauri Itsasoko hegaluze zebitxea, baratxuri, tipulin eta limarekin
  • Arrain tarta tosta
  • Antxoa eta bokarten ezkontza
  • Iparraldeko Hegaluzea txingarretan erreta
  • Bakailu tortilla, Zapiain erara
  • Bakailu mondejua eta Ke Fish Show
  • Antxoak papillotean

Ekainaren 4an, larunbatean, bazkariak eta afariak emango dituzte Zerkausian; hurrengo egunean, berriz, bazkariak soilik. Dagoeneko txartelak salgai daude Tolosaldea Tourren bulegoan, eta erreserbak egiteko beraiekin jarri beharko da harremanetan, 943 67 74 13 telefonora deituta edo tour@tolosaldea.net posta elektronikora idatzita. Atarikideen artean ere bi lagunentzako bazkari bat zozketatuko du TOLOSALDEKO ATARIA-k datorren astean. Menua honakoa izango da:

  • Antxoak gatzetan
  • Tomate entsalada hegaluzearekin
  • Nafarroako zainzuriak
  • Bisigua parrillan, Orio erara
  • Bixigoxo postrea

Lore eta landare azoka, Alondegira

Azken urteotan bezala, Bisiguaren Festarekin batera, Lore eta landare azoka izango da larunbatean. Berdura Plazan larunbatero izaten diren postuez gain, Alondegia plazan beste 12 postu izango dira.

Azokaren baitan, gainera, ekitaldi gehiago izango dira. Alde Zaharreko 200 merkatarik, esaterako, bat egin dute saltoki eta kaleak atontzeko ideiarekin. Lorategi iraungikorrak ere jarriko dituzte bi puntutan: Goroldi-k Gaztelako Arkua berdez jantziko du; Merkataritza Federazioko loredendek, berriz, San Frantzisko ibiltokian loreekin egindako lanak erakutsiko dituzte. Horrez gain, 11:00etatik 13:00etara, lore txontxongilo tailerra izango da Topic zentroarekin elkarlanean, Alondegian bertan.

Sormenetik egitasmoaren baitan, Benito Lertxundirekin tertulia izango da Zerkausian, 11:30ean. 

Osagarri gisa, kultura 

Tolosako Udaleko Merkataritza sailak, ordea, beste erronka bat izango du: "Bisitarien egonaldia luzatu nahi dugu", azaldu du Nerea Letamendia zinegotziak. Horretarako, UNIMA, Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiaren baitako ekitaldiak aprobetxatu nahi dituzte. Hauxe izango da agenda:

Ekainak 4, larunbata

17:00etan, Lopez Mendizabal plazan: Desparpajo-transformación
18:00etan, Plaza Berrian: Antiqchas-Dejavu

Ekainak 5, igandea

12:00etan, Euskal Herria Plazan: Krusoe
18:00etan, Topic-en: Altzoko Haundia

Elkarlanean

Zaporea, usaina eta kolorea uztartuko dituen asteburu hau antolatzeko, udalak eragile ezberdinekin egin duen elkarlana txalotu du: "Argi daukagu udalak antolatzen dituen ekintzetan eragileok elkarrekin joan behar dugula, bakoitzak bere aberastasuna eskainiz. Merkataritza alorretik Tolosa&Co izan dugu; Turismotik Topic, eta azokaren bueltan Tolomendi". Horrelako asteburuek, Tolosa "Gipuzkoan eta Euskadin" kokatzen laguntzen dutela nabarmendu du Letamendiak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!