#TolosaZilarrera

Aurkariak aztertuz

A. Imaz 2016ko maiatzaren 26a

Alex Nogues, Tolosa Eskubaloiko entrenatzaileak, igoera faseko aurkariak eta bere taldea analizatu ditu. 

Kordoba

Andaluziako txapeldunak. Fisikoki indartsuak. 6-0eko defentsa egiten dute. Eskuin hegalekoa da taldeko goleatzailea. Lehen lerro ona daukate, pibote handi batekin. Zilarrezko mailan esperientzia duten jokalariak ere badituzte. Lehen partida beti izaten da konplikatua, urduritasuna bezalako hainbat baldintza sartzen direlako. Alde ona begiratzen hasita, Cordobatik egin behar duten bidaia luzea aipatuko nuke.

Sant Quirze

Hasiera batean eurak dira igoera postua lortzeko faboritoak. Kataluniako ligan bigarren postuan amaitu dute. Gogorrak dira, eta talde indartsua dute, Asobal Ligan jokatutako jokalariekin. Atezaina Anaitasunan egona da: Alex Capon. Ricard Rey pibotea berdin, baita Bidasoan ere. Rey, lehen mailan, multzo guztietako bigarren goleatzailea izan da. Berarekin, beraz, asko jokatzen dute. Defentsa 6-0ekoa edo 5-1ekoa egin zaleak dira. Azkar jokatzea ere gustatzen zaie, kontraerasoan. Zentrala eta ezkerreko hegalekoa fisikoki indartsu eta azkarrak dira. Pibotearekin batera, erasoan horiek dira talderen ardatza.

Chapela

Galizako txapelketako bigarrenak. Talde beteranoa da, 40 urtetik gertu dauden jokalariekin. Esperientzia handikoak, beraz. Vargas ezkerreko hegalekoa Irunekoa da; etxeko taldean hasi eta ibilbide oparoko jokalaria da. Chema Cid Arraten ibilia; Fontela Cangasen… Talderik geldoena agian eurak izango dira. 6-0eko defentsarekin jokatzen dute, eta gogorrak dira. Euren aurkakoa azken partida izango da. Teorian hori oso ondo dago; nekeak agian besteei baino gehiago eragingo dielako. Baina fisikoki ondo iristen baldin badira, oso zaila izango da.

Tolosa Eskubaloia

Denboraldi osoan bezala jokatzea izango da helburua. 6-0: 5-1 edo 3-3ko defentsa egiteko ez daukagu arazorik, partida nola doan ikusita. Azkar ateratzen saiatuko gara, kontraerasoan, jokalari gazteak ditugulako eta horrela jokatzea gustatzen zaielako. Eraso estatikoan 6-0eko defentsaren aurka sufritzea tokatuko zaigu, ligan bezala, kanpoko jaurtitzailerik ez daukagulako. Hutsune hori, ordea, gure armekin betetzen saiatuko gara. Urte guztian egin dugun bezala gogor borrokatu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!