Aste honetan aurkeztu dute igoera faserako spota Tolosa Eskubaloikoek. Iñigo Arratibeli oraindik eta gehiago motibatzeko balio izan dio, nahiz eta urduritasun pixka bat ere nabaritu duen. Tolosarra ilusioz dago, eta bere hitzetan ederki nabari da hori.
Eskubaloia jarraitzen ez duenari nola azaldu igoera fase honen esanahia?
Lehenik eta behin non gauden esan beharko genuke. Futbolarekin alderatuta, Bigarren B mailan. Igotzea lortzen baldin badugu, beraz, bigarren mailara igoko ginateke. Txikitatik Tolosan jokatzen gabiltzanontzat, eta duela 4-5 urte non ginen dakigunontzat, sinestezina da. Taldea urte guzti horietan jarraitu duenarentzat orain hemen egotea, pozteko kontu bat da; harro sentitzekoa.
Eskubaloian hasi zinenean ba al zenekin zer zen Zilarrezko Ohorezko Maila?
Ez, ez nekien existitzen zenik ere. Eskubaloian gozatzen genuela hasi ginen jokatzen, eta horrelako konturik ez genuen buruan.
Azken 4-5 urte aipatu dituzu. Zein azkar doan dena...
Taldean gogoratzen aritu ginen aurrekoan, duela hiru urte antzeko igoera fase bat jokatzea tokatu zitzaigula. Hura izugarria izan zen, eta orain beste aukera hau edukitzea… sinestea benetan zaila da urte gutxi hauetan gertatu dena. Denborarekin konturatuko gara zer egin dugu, eta orduan ikusiko da erraza edo zaila den. Niretzat harritzeko modukoa da.
Duela hiru urteko igoera aipatu duzu. Orain, liga hori irabazi duzue. Balioan jartzekoa.
Hain azkar pasa dira gauzak, ez dakit horri merezi duen balorea eman zaionik. Liga bat irabaztea oso zaila da. Gure taldera kanpotik etorri diren jokalariak maila batekoak dira, eta inor ez zuen liga irabazi. Goi mailan ibilitakoak dira, eta beraientzat handia izan baldin bada, pentsa behetik iritsi garenontzat zer den.
Etxekoek zer esan dizute?
Aitak gaztetan eskubaloian jokatzen zuen. Gu baino motibatuago ikusten dira, agian. Beraientzat Tolosan eskubaloia maila honetan ikustea harro sentitzeko zerbait da.
Harrobitik datorren jokalarietako bat zara. Gaztetxoentzat eredu bilakatu zarela nabaritzen al duzu?
Nabari da partidetara haur asko joaten dela. Noizean behin, entrenamenduetan ere ikusten ditugu begira. Erreferentzia bat etxetik gertu izatea beti da ona, eta pozgarria.
Taldea nola dago hitzordu garrantzitsuei begira?
Badakigu oso zaila izango dela, errealista izan beharra dago. Partidaren bat irabaztea ez da erraza izango, eta igoera lortzea zer esanik ez. Guk ahal dugun guztia egingo dugu, eta horrek igoera ekartzen baldin badu, bikain.
Igoera faseari begira, lehen saria Tolosan jokatu ahal izatea izan zen.
Herriarentzat izugarria dela uste dut, baita guretzat ere. Jendeak lana dauka, edo azterketak. Kanpora joateak burukomin gehiago ekarriko zituen. Klubak esfortzu bat egin du, eskertzekoa, eta igoera hemen jokatzea lortu zuen. Denontzat da saria, eta gu gozatzen eta gozarazten saiatuko gara.
Nola prestatu dituzue hiru egun horiek?
Azken bi asteburuetan goizez eta arratsaldez ibili gara entrenatzen ostiralean eta larunbatean. Fisikoki ondo gaude. Aitor Aranburuk lesio larri bat dauka, eta zoritxarrez ezingo du jokatu; pena da. Beste guztiak perfekto gaudela esango nuke.
Hiru egun, hiru partida…
Talde guztientzat berdina izango da, ea nola erantzuten dugun. Nire ustez garrantzitsuena burua izango da. Gaizki hasten baldin bagara, hor jarraitu behar dugu, zentratuta. Urte osoko lanarekin aurrera aterako gara une horietan. Urduri eta nahasmenduetan hasten baldin bagara, galtzeko guztia izango dugu.
Aurkarien inguruan zer esan?
Argi izan behar da, talde bakoitza bere multzoan lehena edo bigarrena izan dela. Esaten denaren arabera, Kataluniako eta Galizako multzoak gureak baino gogorragoak ziren. Horrek aurkarien ideia bat ematen digu; baina lasaitasunarekin jokatu behar da.
Eta zaletuei zer esan?
Ahal duten guztiak azaltzeko, guri indarra ematera.