Iker Galarza Tolosa Eskubaloiko atezaina izan zen iazko denboraldira bitarte. Orain harmailetatik jarraitzen ditu partidak, zaletu bat gehiago bezala. Barre artean inbidia pixka bat sentitzen duela onartzen du, baina bene-benetan pozik dagoen jarraitzailea da. Igoera fasea ez dela erraza izango ongi daki berak, baina aurrera begiratu beharra dagoela dio tolosarrak, hau ez baita hemen amaitzen: «Lortu edo ez lortu igoera, jada lortu dutena izugarria da; boom bat izan da».
Zilarrezko Ohorezko Mailarako igoera fasea Tolosako Usabalen jokatuko da ostiralean, larunbatean eta igandean. Tolosarentzat oso garrantzitsua den hitzordua dela uste du Galarzak, baina aldi berean, herrian eskubaloiak merezitako aitortzarik ez duela izan aldarrikatzen du: «Tolosan lehen eskubaloi taldea zegoen. Bertan jokatu nuen nik, jubeniletan Bidasoara joan aurretik. Ni bezala, beste hainbatek ere kanpora joan behar izan zuten, eskubaloi taldea desagertu egin zelako. Bat-batean Porta agertu zen, egungo presidentea, eta izugarrizko apustua egin zuen. Inork ez zuen espero duela urte batzuk egungo egoeran egongo ginenik, baina ez bakarrik Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko aukera dagoelako, pentsaezina zen adibidez harrobian egiten ari den lana. Nesken taldeak ere sortu dira. Hori guztia, atzeko lan guzti hori balioan jarri beharra dago, izugarria baita».
Atzeko lan horren guztiaren ondorioz, Usabalgo harmailek denboraldi osoan zehar itxura polita erakutsi dute. Ez da ohiko ikuslea, eta hori Iker Galarzak ere nabaritu du: «Eskubaloiko partidak ikustera joaten dena etxeko zaletua dela esango genuke. Garai batean ibilitako jokalariak, euren seme-alabak eramanaz, azken urteetan taldea utzitako 20-30 laguneko taldea, eta gaztetxoak. Eskubaloi jendea dela esango nuke, eta polita izango litzateke hortik kanpora ere zaletuak pilatzea». Azken aldian, ordea, gauzak mugitzen ari dira, eta igoera fase honek horretan ere lagunduko du: «Tolosan futboleko eta saskibaloiko jendea ikusten duzu, eta orain, horiek, igoera fasean ziur egongo direla baieztatzea, niretzat izugarrizko poza da», dio Galarzak.
Adibide guztietan sartzen du nesken taldea Iker Galarzak. Tolosarrak balore handia ematen die talde horiei, eta eskubaloia ikuspegi osoaz aztertzen du. Zarautz eta Ereintza adibide argiak dira berarentzat, eta eredu hori Tolosan lortzea oso zaila izango dela dioen arren, Portak egiten ari dena bide horretatik doala uste du Galarzak: «Bere garaian ere eskerrak eman nizkion gizon horri, eta berriro ere eman beharra dago. Izugarria da zenbat lan egiten ari den». Hain zuzen ere, honen erabaki bat aipatzen du Alex Noguesen taldearen inguruan hitz egiteko, hain zuzen ere, entrenatzaile hori ekarri izana: «Alex zetorrela entzun nuenean, horrelako zerbait etorriko zela pentsatzen nuen. Nik ez dakit zer daukan Alexek, baina ukitzen duen guztia gutxienez igoera fasean sartzen du. Ereintzarekin gauza bera egin zuen, eta orduan Zilarrezko Ohorezko Mailara igo ziren. Nire ustez Tolosarekin zailagoa izango da, baina meritua hor dago. Nire ustez etxeko jendearekin zer egitea dagoen ikusten du hasieran, eta gero, hutsune horiek betetzen saiatzen da kanpokoekin. Aurten ere gauza bera egin du, eta hor, Haritz Otegiren fitxaketa aipatu nahiko nuke. Niretzat, bikaina izan da».
Iazko taldearekin alderatuta, aurtengoa taldeagoa dela uste du Iker Galarzak. Eta eskubaloia taldeko kirol bat izanik, garrantzitsuena hori dela dio atezain ohiak. «Iaz Bidasoatik jende asko etorri zen, baina denboraldi amaierara bitarte ez zen erabateko talde dinamikarik ikusten. Aurten nire ustez hori lortu da hasieratik, eta lehen esan bezala, hutsuneak betez, maila bikaina erakutsi dute. Eta orain, hor daude».
Baina igoera ez da erraza izango, eta hori aurkarien mailak baldintzatuko du hein batean: «Oso aurkari gogorrak dira guztiak. Sant Quirze ez zuen inork nahi, eta guri tokatu behar izan zaigu. Cordoba diru asko mugitzen duen taldea da, eta Chapela jokalari oso-oso beteranoz baina esperientzia handikoz osatuta dago. Aukera hor dago, ordea. Pozik gaude, eta beti jarraitu behar da animatzen».
Amaitzeko, ezustekoren baten esperantzaz hitz egiten du Iker Galarzak: «Nire ustez behetik igotako jokalariren batek ezustekoa emango du, 9 goleko partidak eginez. Beste taldeak Ioritz eta Haritzi begira dauden bitartean, gazteren bat lehertzea espero dut. Tolosari hori oso ondo etorriko litzaioke, eta partida aurrera ateratzeko oso garrantzitsua izango litzateke».
Polita izango litzateke hori, etxean jokatzen den kanporaketan etxekoren baten lehertzea ikustea. Baina ez baldin bada tokatzen, ezer ez dela gertatzen jakinda.
PARTIDAK
Maiatzak 27
18:30 Construcciones Castro Chapela - Handbol Sant Quirze
20:30 Tolosa Eskubaloia - Cajasur Cordoba
Maiatzak 28
17:00 Construcciones Castro Chapela - Cajasur Cordoba
19:00 Tolosa Eskubaloia - Handbol Sant Quirze
Maiatzak 29
10:30 Cajasur Cordoba - Handbol Sant Quirze
12:30 Tolosa Eskubaloia - Construcciones Castro Chapela
Sarrerak eta bonuak
Hiru aurkariak «oso gogorrak» direla aitortu dute klubeko ordezkari, entrenatzaile eta jokalariek. Hori dela eta, herritarrei laguntza eskatu diete, marea urdin bilakatu nahi baitute Usabal. «Herriarentzat eta klubarentzat oso garrantzitsua da, eta zaila den arren, saiatu egingo gara. Eskatzen dugun bakarra bide horretan laguntzea da», azaldu du Juan Martin Amiano presidenteak.
Horretarako, hiru egunetarako bonuak salduko dituzte. Bazkideek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 25. Sarrerak, berriz, 10 eurokoak izango dira publikoarentzat, eta bazkideek 7 euroan izango dituzte. Larunbatera bitarte, bazkideek erosi ahal izango dituzte txartelak, eta larunbatetik aurrera edonork eskuratu ahal izango ditu Shanti Kirolak dendan eta, Irrintzi eta Orbela tabernetan.
Usabal beteko denaren esperantzaz daude tolosarrak, hori dela eta, sarrerarik gabe geratu direnentzat pantaila erraldoia jarriko dute kiroldegiaren kanpoaldean, partidak zuzenean jarraitu ahal izateko. Egun hauetarako ere sorpresa gehiago iragarri dituzte.