Festak, parekidetasuna, ateak, erretratuak, aniztasuna,... Asko izan dira, azken urteotan, Tolosako sukalde, logela nahiz bulegoak bete dituzten argazki eta gaiak. Tradizio bilakatu da, ia, hurrengo urteko egutegia apainduko duten irudien inguruko jakinmina izatea, eta 2017ari begira jartzeko garaia ere iritsi da.
Datorren ekainaren 30era bitarte, herritarrek beren irudiak bidaltzeko aukera izango dute, www.tolosa.eus/tolosanklisk atarian, beren lanak aurkezteko. Jasotako irudi guztiak ikusi, eta 40 aukeratuko ditu lehiaketako epaimahaiak; ondoren, herritarrek botoa eman ahal izango diote gustukoen duten argazkiari, eta boto gehien jasotzen dituenak 2017ko egutegiko azala osatuko du. Gainerako 12 argazkiak, berriz, epaimahaiak hautatuko ditu, hilabete bakoitzerako.
Duela zenbait hilabete jakinarazi bezala, hurrengo urteko egutegiak Tolosako komertzioaren inguruko argazkiek apainduko dituzte eta, beraz, horren inguruko egitasmoak, kaleak, guneak nahiz pertsonak erretratatzeko aukera izango dute argazkilariek.
SARIAK, LAN ONENEI
Urteroko moduan, azala hartzen duen argazkilariak sari potoloena jasoko du, 500 euroko ordainsariak. Gainerako 12 finalistek, berriz, 100 euroko ordainsaria jasoko dute.
Horretarako, 2Mb eta 10Mb bitarteko pisua duten argazkiak igo beharko dira webgunera, eta horizontalak izango beharko dute, egutegiaren diseinuari behar bezala egokitzeko.
Irailean ekingo diote ikusleen bozketari, eta botoa ematen dutenen artean ere saria zozkatuko dute, urriaren 10ean.