Aspaldiko lagunen bisita Berazubira

Mikel Iraola 2016ko mai. 24a, 16:43

Manel Gonzalez, Alberto Ruiz, Javier Arques, Valentin Rocandio, Antonio Corgos eta Juanjo Prado alteta olinpiko ohiak Berazubin izan ziren pasa den astean, Tolosako Atletismo taldeko haurrei beren esperientzien berri ematen; kirol ibilbideko hastapenak, hain zuzen, Tolosan egin zituzten.

80ko hamarkadaren hasieran punta-puntako atleten bilkurak egiten zituzten Berazubi estadioan. Roberto Cabrejas zenaren bidez etortzen ziren atletak. Cabrejas Andoainen bizi zen, baina Tolosa Atletismo taldean parte hartzen zuen. Altuera jauziko Espainiako txapeldun izan zen bost aldiz. 

Lehiaketa horietan ezagutu zituen gerora bere lagun izango ziren Manel, Alberto, Javier, Valentin, Antonio eta Juanjo. Baita beste asko ere. Laguntasun horrek bultzatuta, atleten bilkuretako bat Tolosan egiten zuten. 

Tolosako bilkura "berezia" zenaren ideiarekin bat egiten dute guztiek: "Besteetan ez bezala, Tolosara etortzen ginenean bertako atleten etxeetan geratzen ginen", gogoratzen du Alberto Ruizek. Alfonso Azurzaren etxera joaten zen Alberto; beste batzuk Armando Rocak hartzen zituen; Andu Martinez de Rituertoren emaztearen etxera ere joan izan ziren: "Garai hartan lagun egin ginen, eta laguntasun horiek oraindik irauten dute", dio tolosarrak. 

Bazen beste ezberdintasun bat: Tolosan ez zuten dirurik kobratzen. Hala ere, "ondoen" ordaintzen zuten lekua dela diote umorez, izan ere, saio guztiak amaituta, Tolosako erretegi batera gonbidatzen zituzten afaltzera. 

Lagun taldetik, lan taldera

Bostpasei urtez egin zituzten bilkura horiek, baina gerora ere harremana izaten jarraitu zuten euren artean. "Borrokalari ohien elkargunea deitzen dioguna sortu genuen, eta urtero elkartzeko konpromisoa hartu genuen guztiok", azaldu du Ruizek. 

Hamaika lagun elkartzen dira, guztiak Berazubiko topaketetan egondakoak. Aipatutako sei atletez gain, Ramon Cid, Alberto Solanas, Florencio Gascon, Arturo Ortiz eta Carlos Sala dira partaideak. "Norberaren bizitokiari dagokionez, hiru 'komando' ditugu: Donostian, Madrilen eta Bartzelonan. Talde horietako bakoitzak hiru urtez behin bere inguruan asteburu bat antolatzen du guztiak biltzen jarraitzeko". 

Euskal Herrira etorri izan direnetan, Tolosan edo Berastegin bildu izan dira. Hain zuzen, duela bi urte Berastegin bazkaltzen ari zirela otu zitzaien Espainiako Atletismo Federazioko lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztea. "Zergatik ez? esan zuen baten batek, eta halako batean baiezkoan geunden", dio Ruizek.

Denbora luzez proiektua garatzen ibili ostean, herriz herri dabiltza beren hautagaitza aurkezten, eta zentzu horretan Tolosan geldialditxoa egin berri dute. Atletismo eskolako haurrekin esperientziak partekatu zituzten, eta instalakuntzek azken urteotan izan dituzten aldaketak ikusi ahal izan zituzten.

"Hobekuntza nabaria da, baina harmailak bere xarma mantentzen du. Hori zen atletok pistatik ikusten genuena", dio Ruizek. Pista estaliarena ere ideia paregabea dela ondorioztatzen du. "Korri egiteko moduan bageunde...".

Protagonistak:

Manel Gonzalez: Los Angeles 84ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Espainiako txapelketa ugari irabazi zituen, eta 2014an Beteranoen Pista Estaliko Munduko Txapeldun izendatu zen 50 metrokoan. 
Alberto Ruiz:
Pertika jauzilari ohia. Espainiako marka izan zuen, eta Los Angeles 84 eta Bartzelona 92ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen.
Javier Arqués: 100 metroko lasterketan Espainiako marka izan zuen; Hiru Joko Olinpikotan parte hartu zuen: Los Angeles 84, Seul 88, eta Bartzelona 92an.
Valentin Rocandio: Euskal belozista hoberentakoa izan zen. Olinpikoa izan zen Seul 88an. Gaur egun IVEFeko zuzendaria da.
Antonio Corgos: Luzera jauzilaria zen. Espainiako marka izan zuen. Seul eta Los Angeleseko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen.
Juanjo Prado: Euskal belozista hoberentakoa izandakoa. Seulgo Joko Olinpikoetan parte hartu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!