Ataria.info-k bat egin du Tokikom Plataforma Digitalarekin

Ataria 2016ko maiatzaren 24a

Saizar eta Aristi, hitzarmenarekin

Tolosaldeko Komunikazio Taldearen lehendakariak, Xabier Saizarrek, eta Tokikomenak, Urko Aristik, hitzarmena sinatu dute ataria.info Tokikom Plataforma Digitaleko partaide bihurtzeko.

Euskaltzaleen Topaguneak eta bazkide diren 20 komunikabidek, 2012an sortu zuten Tokikom, Tokiko Komunikabideen Bateragunea. Gaur egun, euskarri ezberdinetako 60 hedabidek osatzen dute sare hori.

Plataforma Digitala, berriz, 2013an sortu zuen, "edizio digital duina sortu eta euskarazko komunikabideekin saretzeko tresna gisa". Egun 13 webgunek osatzen dute Plataforma Digitalaren sarea, eta ataria.info izango da hamalaugarrena. 

Etengabeko berrikuntzak ataria.info-n

Akordio horrek ahalbidetuko du interneteko estrategia eta garapenen inguruko gogoetak konpartitzea sare horretako gainerako hedabideekin. Webgune horietan egin beharreko hobekuntza eta garapenetako inbertsioak sarekideen artean eztabaidatzen dira, eta behin eginda, guztiek dituzte eskuragarri. 

Xabier Saizar, Tolosaldeko Komunikazio Taldearen lehendakariak nabarmendu duenez, “elkarlanerako, ideia trukerako eta hausnarketarako foro oso garrantzitsu baten parte hartzeko aukera" ematen du hitzarmenak. Bestalde, "gure antzeko beste 13 hedabideekin partekatzen dugun teknologiaren garapenean eskuz esku ariko gara eta ahalak optimizatuko ditugu”.

Urko Aristik, berriz, beste sare batzuetako hedabideak Tokikomera hurbiltzea "oso pozgarria" dela nabarmendu du: "Esperientzia hauek oso bide interesgarria irekitzen dute, beste hedabide sareekiko elkarlana landu eta harremanak trinkotzeko. Tokikomen sorreratik bertatik elkarlan eta trinkotze hori izan ditugu helburu nagusien artean". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!