Euskal Herriko lehen espeleo-rokodromoa Amarotzen

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 21a, 12:19

Amarozko Mendi Taldea espeleologia sustatzeko helburuarekin Espeleologia astea ospatzen ari da aste honetan.

Mendi taldearen egitekoa bere sorreratik, besteak beste, Araxesko Mendi Martxa antolatzea bada ere, duela urtebete luze beste ekiteko bati heldu zion. Iñaki Alonsoren ekimenez, aurretik ere espeleologian aritutakoaren proposamenari heldu zion taldeak. Sekzioa sortu eta Iñaki Alonso bera da sortu berri den adarraren arduraduna.

Aste osoa borobildu asmoz ekitaldi ugari burutu dituzte, tartean pelikulen proiekzioak, espeleologia argazkien erakusketa, hitzaldiak, saguzarrak entzuteko irteera edota Uzturre-Orietako kobazulora bisita. Hitzaldiak, erakusketa eta proiekzioak Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan izango dira.

Gaurkoan ekimen berezi bat ere egin dute, izan ere, Amarozko Auzo Etxean Euskal Herriko lehen espeleo-rokodromoa inauguratu dute, eta noski bertan zeudenek lehen unetik probatu nahi izan dute sokan gora eta behera abiatuz. Honek aurrerantzean zaletuei aukera emango die «garapen teknika bertikalak, norberaren sorospena, espeleo-sorospena» bezalako tekniketan trebatu ahal izateko. Amarozko auzoak beraz, urteetan frontoi zaharra izandakoa auzoetxean bertan, espeleo-rokodromo bilakatuko du. Erabiltzaile espezifiko eta espezializatuak izango ditu, eta ikastaroak ere eskainiko dira. 

Asteari amaiera bihar, igandea, emango diote:

Biharko hitzordua:

Maiatzak 22, igandea. Uzturre-Orietako kobazulora bisita. Rapelatzen jakitea beharrezkoa da. Izen ematea: amarozkomendielkartea@hotmail.com helbidean. 09:00etan eta 11:00etan, Izaskungo ermitan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!