Tolosaren azken igoera gogoratuz

Mikel Iraola 2016ko mai. 20a, 13:24

Duela 11 urte lortu zuen Tolosak hirugarren mailara igotzea azken aldiz; bihar balentria errepikatzeko aukera du

Bi mila eta bosteko maiatzaren 29an izan zen. Bost urte beranduago, Tolosa hirugarren mailara itzuli zen, denboraldiko azken partidan EHUren aurka 1-2 irabazi eta gero.

Tolosa lehen postuan zegoela iritsi zen azken neurketa horretara. Parean, ordea, bigarren sailkatua zuen. Realari lotutako taldea zen orduan EHU, eta talde indartsua zuen: besteak beste, gaur egun elastiko txuri-urdina janzten duten Carlos Martinezek edota Zurutuzak jokatzen zuten.

Gorka Blanco eta Ion Regillaga Tolosako jokalariak ziren garai hartan. Ongi gogoratzen dute egun hura: «Goizean goiz Oria Hotelean gosaltzeko geratu ginen, eta entrenatzaileak arbelarekin azken azalpenak eman eta gero Zubietara abiatu ginen», dio Blancok.

Joxe Mari Luluaga zen talde urdineko prestatzailea, eta Regillagaren esanetan, berriketa hartan taldea kontrolatzen asmatu zuen: «Berak bi igoera bizi izan zituen jokalari gisa: bata hirugarren mailara, eta 2.B mailara bestea. Esan zigun kontzentrazioa mantentzeko, eta gugan konfiantza osoa izateko. Eta lortu zuen. Partida serioa egin genuen, eta uste dut meritu handia izan zuela Luluagak zentzu horretan».

Tolosarrak aurreratu ziren markagailuan, Gorkak 18. minutuan lortutako gol bati esker. Sei minutu beranduago, ordea, Zubillagak banakoa jarri zuen. Atsedenaldiaren aurretik Zurutuzak txartel gorria ikusi zuen: «Horrek arnas asko eman zigun», dio Blancok.

Garaipenaren gola 77. minutuan sartu zuen Tolosak. Iontxikik a zer kalitatea zuena! falta bat erdiratu eta bigarren zutoinean Aierbek baloia sareratu zuen.

Ordutik aurrera, festa nagusitu zen, bai Zubietan, baita Tolosan ere. Gaztetxoenek berdegunera salto egin zuten jokalariekin batera garaipena ospatzeko asmoz, eta harmailetan jendea zutik izan zen denbora luzez, txaloka. Bien bitartean, herrian, Tolosako Musika Bandak Ia Zarrak kantuarekin kalejira inprobisatua egin zuen Korpuseko prozesioa amaitu eta gero.

Festa asko luzatu zen. Usabal sagardotegian bazkaldu eta gero, harrera egin zieten jokalariei udaletxean, Plaza Zaharra jendez gainezka zegoela. «Anoetako festak ziren eta parranda ere egin genuen. Baina ez da gehiago esan behar ezta?» diote barrez bi jokalariek.

Urte batzuk beranduago...

Ion Regillagak erretiroa hartu zuen urte batzuk beranduago, baina Gorka Blancok Tolosarekin jokatzen jarraitzen du gaur egun. Bera da beteranoena, baita igoera hura berdegunetik bizi izan zuen gaur egungo taldeko bakarra ere.


Baina harmailetan baziren egungo taldean jokatzen duten makina bat gaztetxo: Julen Fuentes, Xabi Martinez, Julen Vecino, Ruben Zabaleta, Mikel Loidi, Ruben Garcia, Jon Gomez, Endika Pelaez, Xabi Diez edota Asier Serna. Futbolari izatea amesten zuten guztiek, eta beren taldeko nagusiak erreferente ziren.

Unai Etxeberria ere bertan zen, eta 12 urte bazituen ere, gogoan du egun hura: «Iurreko plazan jolasten ari nintzen lagunekin, eta sekulako giroa zegoen tabernan. Giro hura ikusita, kuadrillako baten aitak hara joan ote nahi genuen galdetu zigun, eta animatu ginen», dio tolosarrak. Partida nola joan zen ondo oroitzen ez den arren, iltzatua du irudi bat: «Igoera ospatzen ari zirela, traineruarena egiten hasi zirenekoa».

Istorioa errepikatzeko gogoz

Eta kontuak kontu, 11 urte beranduago, antzeko egoera baten aurrean da Tolosa. Orain Julen, Xabi, Jon, Ruben, Endika, Mikel, Unai eta beste dozena bat dira benetako protagonistak, eta orduan harmailetatik bizitakoa, berdegunean bizitzeko gogoz daude.

Horretarako baina, eta gainontzeko emaitzei ez begiratzeko, puntu bat eskuratu behar du gutxienez, bihar, Real Union B-ren aurka. Hain zuzen, 1973an Irungo Gal estadioan hirugarren mailara beste igoera bat lortutakoa da Tolosa, Real Unioni 0-1 irabazi eta gero.

Zubietako esperientzia bizi izan zutenek argi dituzte zeintzuk izango diren bihar igoera lortzeko gakoak: «Seriotasunez atera behar dugu zelaira, ez dugu lekurik galdu behar, eta oparirik ere ez dugu egin behar. Hortik aurrera, etorriko da etorriko dena, baina azken partidetan egindakoa egiten badugu, sartuko da baloia», dio Blancok.

Regillagak, berriz, «konbentzituta» zelairatzeko esaten die jokalariei: «Urte osoan demostratu dute onenak izan direla, eta azken horretan ere demostratuko dute. Antsietatea gobernatzen jakin behar da». Lillok ere horretan jarri du enfasia azken aste honetan: «Lasaitasuna transmititu digu, eta berdin lanean jarraitzeko esan digu», dio Etxeberriak.

1973an eta 2005ean azken jardunaldian erabaki zen guztia. Eta istorio horiek errepikatuko balira biharkoan? Aupa urdinak!

EHU 1 - TOLOSA 2

EHU. Irazustabarrena, Carlos Martinez, Garcia, Aranbarri (Etxeberria, 67m.), Ugartetxea, Borda, Gomez (Giglio, 85m.), Zubillaga, De Miguel (Marroquin, 86 m.), Zurutuza eta Txoperena. 
Tolosa. Apezetxea, Gorka (Lacalle, 52 m.), Unai, Ion, Aimar, Romero, Orue, Prados (Aierbe, 68 m.), Lasa (Blanco, 79 m.), Elola (Ekaitz, 60m.) eta Regillaga (Haritz, 84 m.).
Golak. 0-1: Gorka (18 m.); 1-1: Zubillaga (24 m.); 1-2: Aierbe (77 m.).

IRAKURRI HEMEN HURRENGO EGUNEKO EGUNKARIA PDF-n

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!