XIV Orduko Martxa 2016

Gurutze Gorriaren aholku eta datuak

Asier Imaz 2016ko mai. 22a, 14:30

Igor Otamendi Gurutze Gorriarekin ariko da lanean maiatzaren 29an, beste 40 boluntariorekin batera. Lehenik eta behin, guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie tolosarrak.

Gurutze Gorriaren zazpi postu finko egongo dira XIV Orduetan. Uliko kontrol gunean izan ezik, beste guztietan. Postu horietatik ibilbide guztia kontrolatuko dute boluntarioek. Duela lau urteko datuak eta esperientzia eskuan, Otamendik hainbat aholku eman dizkie parte hartzaileei. Garrantzitsuena prestaturik egotea dela dio Gurutze Gorriko kideak, eta norberak bere mugak ongi ezagutzea.

Oinetakoak

«Botak izan edo ez izan, garrantzitsuena berriak ez izatea da. Ikusi izan ditugu mendizaleak XIV Orduetara bota berriekin iristen. Komeni da lehendik ibilitakoak izatea», gogoratzen du Otamendik. Oinetakoen bilakaera ere nabaritu dutela dio Gurutze Gorriko kideak: «Lehen botak sortutako arazo gehiago izaten ziren. Baselina pote handi bat eramaten genuen. Orain, pote hori desagertzear dago».

Jan eta edan

Aurreko edizioetan ikusi bezala, hidratatzea garrantzitsua dela dio Igor Otamendik: «Guk ez diogu inori esaten noiz edan behar duen, baina komenigarria da ibilbide osoan zehar pixkanaka hidratatzen joatea. Janarekin berdin geratzen da. Aurten ez da anoa guneetan janaririk egongo, beraz, fruitu lehorrak, txokolatea,... etxetik ematea komenigarria izango da». Elikagaien arloan ere bilakaera nabaria da mendi martxetan, eta Otamendik egun dauden gel moduko batzuez hitz egiten du: «Bakoitzak ezagutzen du bere burua egokien, baina nik ez nuke gomendatuko. Momentuan bertan igoaldia ematen dizute, baina ondoren pott egiteko arriskua izaten da».

Erritmoa

Mendizale bakoitzak bere erritmoa duela gogoratzen du Otamendik, eta hori zaintzeko aholkua luzatzen du. Horrez gain, antolatzaileen bidetik, XIV Orduak ez direla lehiaketa bat aipatzen du tolosarrak: «Mendiaz goza dezatela, inguru eta paraje zoragarriak baitira».

 

GURUTZE GORRIKO 2012KO DATUAK

Uli: 3 artatze (arazo muskularrak).

Gorriti: 6 artatze (urratuak, babak, arazo muskularrak eta lipotimia).

Lekunberri: 47 artatze (babak, urratuak, arazo muskularrak, zuntz haustura eta bihurrituak).

Ata: 9 artatze (babak eta arazo muskularrak).

San Migel: 88 artatze (babak, arazo muskularrak, gerrialdeko kontraktura, digestio mozketa eta zaintzak).

Pago Mari: 10 artatze (babak eta arazo muskularrak).

Igaratza: 119 artatze (babak, urratuak, arazo muskularrak eta zaintzak). Tolosara parte hartzaile bat eramaten da, tentsio baxuarekin.

Mina hasiera: 5 artatze (babak, bihurrituak eta arazo muskularrak).

Pardelus: 15 artatze (babak, zaintzak eta arazo muskularrak).

Mina amaiera: Partaide bat Amezketako postura eraman zen, ondoren Tolosara, hanketako gainkargarekin.

Amezketa: 70 artatze (babak, urratuak, arazo muskularrak, lipotimiak, hipogluzemiak eta hidratazio arazoak). Asuncion Klinikara parte hartzaile bat eramaten da, orkatilan 3. graduko bihurrituarekin.

Beste guneetan: 20 artatze (babak eta arazo muskularrak). Parte hartzaile bat Asuncion Klinikara eraman zen, bularreko minez.

Babak: 174

Arazo muskularrak: 247

Bihurrituak: 6

Lipotimiak, hipogluzemiak: 8

Beste artatzeak: 40

Ospitale mugikorretarako emandakoak: 8

Osasun zentrora eramandakoak: 3

Guztira: 486.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!