Aurtengo edizioan 2.000 lagun inguru elkartuko dira Tolosako Berazubi auzoan, lehiarako prest, 05:00ak noiz iritsiko zain. Aurretik, 68.529 metro izango dituzte. Eta berriro Tolosara, bertan egongo baita helmuga. Bataz besteko malda positiboa: 1.946 metro. Hitzetik hortzera bi aldaketa edo berrikuntza dabiltzan honetan, datuek parte hartzean beheranzko joera erakusten dute; izan ere, ez da edonork egiteko erronka.
1925. urte hartan, 14 lagun abiatu ziren San Migeldik barrenako itzulia egitera. Horietako bat, amaieran, ez zuten Tolosan ikusi. Urtebetera, agian, bidean galdu zen hark ez zuen parte hartu, eta 13 ikusi zituzten Tolosatik Gaztelura abiatzen. Kasu horretan 8 bakarrik izan ziren helburua lortu zutenak. Golpe gogorra izango zen %38,5ek erretiroa hartu izana bidean, izan ere, 1943ra arte ez ziren berriro ibilaldia egitera ausartu. Orduan, 111 ausart elkartu ziren, erronkari hortzak erakusteko asmoz. Ongi prestatuta zeuden, 105 iritsi baitziren Tolosara. Denak gustura gelditu zirenez, 1967ra arte atseden hartzea erabaki zuten. Eta urte horretan, aro modernoa iritsi zen XIV Orduetara: kontrol guneak, fitxaketak,... eta maiztasun bati heltzeko gogoa.
Lau urtetik behin izaten baldin badira Olinpiar Jokoak, zergatik ez XIV Orduak? 1972an Munichen zirela jakin zutenean, adostasun batera iritsi ziren 362 lagun: «Olinpiar Jokoak gureak». Urte horretako balantzea, ordea, gogorra izan zen: helmugara 283 bakarrik iritsi ziren; %21,8k pott egin zuten. Olinpiar Jokoetan kale egin zutenak gutxiago izan ziren, beraz, Munich nagusi. Errebantxa Montrealekoari bota zioten, eta lau urte horietako prestakuntza handia izan zen, garaiko kroniken arabera. 416 prest Tolosan. 321 itzuliaren ondoren. Urte historikoa, %22,8ko galera. Hurrengo lau urteak isilagoak izan ziren. Eskarmentua handia izan zen. 1980an, 522tik 429 iritsi ziren: %83. Guztientzat ikasgai handia izan zela zirudien: «Mendira, mendiaz gozatzera!». Bien bitartean, Moskun, harmailetan Leninen mosaiko handi bat egin zuten Olinpiar Jokoetan. Denak gustura!
Urrezko urteak iritsi ziren ondoren. Urte gozoak. Parte hartzeak eta helmugaratzeen ehunekoek gora egin zuten, 2000. urteko datuetara iritsiz: 3.062 mendizale irteeran; 2.822 egun pasaren amaieran. XIV Orduetako tontorra! Igotzeko jaitsi egin behar izaten denez, eta jaisteko igo, orain maldak beheranzko joera hartu duela dirudi. Baina jakina da, hau ez da tontor bakarreko itzulia. Ondorioz,...
2016ko datuak:
Astebete faltan izena emandakoak: 1.762.
Horietatik 410 emakumezkoak, %24, eta 1.352 gizonezkoak, %76.
Menditik joateko aukera egin dutenak: 999, errepidetik beste denak.
Parte hartzaileen jatorria
Euskal Herritik (hainbat adibide): Tolosa 555, gehien dituena; Alegia 32; Andoain 43; Ibarra 58; Beasain 47; Ordizia 45; Hondarribia 33; Irun 34; Oiartzun 21; Lazkao 26; Hernani 28; Hendaia 2; Sara 1; Donostia 176; Bilbo 8; Gasteiz 26 eta Iruñea 8.
Euskal Herritik kanpo:
· Espainiatik: Sevilla 2, Tolox (Malaga) 2, Malaga 1.
· Herrialde Katalanetatik: Castellon 2; Lleida 1; Bartzelona 1 eta Benasque 1.
· Brasildik 1
· Ameriketako Estatu Batuetatik 1 (Philadephia).
2012ko datuak:
Izena emandakoak: 2.378 partaide.
· Gizonak 1.925, hau da, %80,95.
· Emakumeak 417, hau da, %18,88.
Parte hartu zutenak: 2.209
· Gizonak, 1.792.
· Emakumeak, 417.
Bukatu ez zutenak: 178, hau da, %8,06
· Gizonak: 135
· Emakumeak: 43
2016 Kontrol gunea osatzeko ordutegia:
Irteera: 04:30ean (probaren hasiera 05:00etan). ·Uli: 06:30ak.
·Gorriti: 07:30ak.
·Lekunberri: 08:30ak.
· San Migel: 10:30ak.
·Igaratza: 12:30ak.
·Amezketa/Zarate: 14:00ak.
·Helmuga: 15:30ak.
Autobus zerbitzuak:
Doako autobus zerbitzua: Ordu erdiro; Tolosatik lehen autobusa 16:00etan, Amezketatik 20:00etan azkena.