Maiatzaren 27tik 29ra eskubaloiaren hiriburuetako bat izango da Tolosa. Usabal Kiroldegian bigarren mailara igotzeko fasea jokatuko dute lau taldek, horien artean, herriko taldeak. Datorren ostiralean, 20:30ean, egingo du debuta fase honetan Tolosa Eskubaloiak. Horri begira dira jada, Alex Noguesen mutilak. Kordoba izango dute aurkari, eta ongi hasi nahi dute, amaierara aukerekin iristeko.
Elkarren aurka jokatu beharko dute talde guztiek, eta ligaxka horretako irabazlea zuzenean igoko da bigarren mailara. Ostiral eta larunbatean, arratsaldez jokatuko dira neurketak, eta igandean, goizez. Hauek izango dira neurketak:
MAIATZAK 27
18:30 | Construcciones Castro Chapela - Handbol Sant Quirze
20:30 | Tolosa Eskubaloia - Cajasur Cordoba
MAIATZAK 28
17:00 | Construcciones Castro Chapela - Cajasur Cordoba
19:00 | Tolosa Eskubaloia - Handbol Sant Quirze
MAIATZAK 29
10:30 | Cajasur Cordoba - Handbol Sant Quirze
12:30 | Tolosa Eskubaloia - Construcciones Castro Chapela
Tolosarrei deialdia
Hiru aurkariak "oso gogorrak" direla aitortu dute klubeko ordezkari, entrenatzaile eta jokalariek. Hori dela eta, herritarrei laguntza eskatu diete, marea urdin bilakatu nahi baitute Usabal. "Herriarentzat eta klubarentzat oso garrantzitsua da, eta zaila den arren, saiatu egingo gara. Eskatzen dugun bakarra bide horretan laguntzea da", azaldu du Juan Martin Amiano presidenteak.
Horretarako, hiru egunetarako bonuak salduko dituzte. Bazkideek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 25. Sarrerak, berriz, 10 eurokoak izango dira publikoarentzat, eta bazkideek 7 euroan izango dituzte. Larunbatera bitarte, bazkideek erosi ahal izango dituzte txartelak, eta larunbatetik aurrera edonork eskuratu ahal izango ditu Shanti Kirolak dendan eta, Irrintzi eta Orbela tabernetan.
Usabal beteko denaren esperantzaz daude tolosarrak, hori dela eta, sarrerarik gabe geratu direnentzat pantaila erraldoia jarriko dute kiroldegiaren kanpoaldean, partidak zuzenean jarraitu ahal izateko. Egun hauetarako ere sorpresa gehiago iragarri dituzte.
Saria bada ere, irabaztera
Honaino iristea sari bat dela uste badute ere, fasea irabazteko asmoarekin lehiatuko dute urdinek. "Oso zaila izan da honaino iristea. Lan ikaragarria egin du taldeak, eta eskertzekoa da. Helburua fasea jokatzea zen, eta lortu dugu. Baina behin hona iritsita, gure helburua irabaztea izango da, nahiz eta oso zaila izango den", dio Amianok.
Aukera historiko baten aurrean daudela dio presidenteak: "Tolosaldean inoiz ez da horrelako maila bateko lehia izan. Bigarren mailaz ari gara hizketan. Gipuzkoako bi talde daude, eta hirugarren bat egotea ikaragarria da. Are gehiago 18.000 biztanleko herri batentzat".