Mintza txokoak biribilduko du Haurren Hiriaren bigarren ikasturtea

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 18a, 13:15
Inma Perez, Nerea Cereceda, Olatz Peon eta Iban Arabaolaza izan ziren aurkezpenean.

Aisia jorratzen aritu dira, ikasturte osoan barrena, LH 3tik 6ra bitarteko 45 neska-mutil; ordezkari politiko, guraso nahiz herritarrei aurkeztuko diete egindakoa, larunbatean, Zerkausian.

Joan den ikasturtean jarri zuten martxan, estreinakoz, eta lehen saiakera hark izandako arrakastaren bidetik, Haurren Hiria proiektuak bigarren ikasturtea birbildu du ia. Haur eta gaztetxoen betaurrekoetatik Tolosari begiratzea da egitasmoaren funtsa eta, horren harira, Olatz Peon alkateak "gazteria udaleko zehar-lerroetako bat" dela nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean: "Duela 15 urte udalean lantzen hasitakoaren emaitza da Haurren Hiria".

Belaunaldi berrien hitza ezagutu eta kontuan hartzeko, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko 45 neska-mutilen osatzen dute, urtero, Haurren Kontseilua eta, foro hori gorpuzteko zenbait irizpide ere badira: talde parekidea behar du izan, eta integrazioa kontuan hartu behar da kontseilua osatzerakoan; gainera, euskara da lanerako hizkuntza, eta parte hartzaile guztiek iritzia ematea ahalbidetzen duten dinamikak erabiltzen dituzte.

Oinarri horietatik abiatuta, iaz espazio publikoaren erabilera hizpide izan zuen lehen Haurren Hiriak eta, aipatzekoa da, handik ateratako ideia bat martxan jartzekotan dela, epe motzean, udala: Musika parkean proiektua. Bide beretik, larunbatean egingo duten aurkezpeneko proposamen bat ere gorpuztuta ikusi ahal izango dute gaztetxo tolosarrek: San Joan su txikia.

"Guk ere badugu denbora librea"

Lehen ikasturtean espazio publikoarekin egindakoa, aurten aisialdiaren inguruan mamitu dute neska-mutil tolosarrek, bost saiotan. Horrela, larunbateko seigarren hitzorduarekin birbilduko dute azken hilabeteotako ibilbidea, 17:30etik aurrera, Zerkausian. Herriko ordezkari politikoekin batera, gurasoak nahiz herritarrak gonbidatu ditu Haur Kontseiluak, beren proposamenak entzutera, izan ere, aisialdiari begira egutegi zehatz bat prestatu dute.

Aisialdiaren eta adinaren inguruan ideiak garatuz ekin zioten lanari, eta txikienek kalean egon eta jolasteko gogo izugarria azaldu zuten bezala, gaztetxoek lagunekin egoteko espazio itxien hutsunea sumatzen dute.

Aisialdia eta kirola uztartzen hasita, berriz, ezohiko kirol jarduerek erakartzen dituzte, gehien, neska-mutilak; bereziki, uretan egin daitezkeenak. Horrela, Oria ibaiak ematen dituen aukerak probestea ideia bikaina iruditzen zaie, eta arrauna, eskalada nahiz slacklinea egiteko aukera izan nahi dute.

Hirugarren Haurren Kontseiluan Tolosan haurrentzako antolatzen diren jarduera eta egitasmoak aztertu zituzten eta, oro har, bereziki eurentzako diseinaturiko jarduera gutxi daudela uste dute. Abiapuntu hori hartuta, urte-garaiaren arabera antolaturiko haurren agenda mamitu dute eta, besteak beste, dantza erakustaldiak, futbol eta 3x3 txapelketak, berrerabilitako materialekin apaingarri tailerrak, San Joan su txikia, haurrentzako Gau Giro, erakusketa interaktiboak, musika tresnak ezagutzeko topaguneak, Musika Parkean, haurrentzako rock kontzertuak, ginkanak, landa gunea ezagutzeko txangoak nahiz Tolosako parkeetan egin litezkeen jarduerak eskatuko dizkiete ordezkari politiko, herritar nahiz eragileei.

Lan hori guztia Haurren Kontseiluko gurasoei aurkeztu zieten, lehengo, laugarren saioan, eta "arrakasta handia izan zuen", arduradunek azaldu dutenez. Horrela, larunbatean Zerkausian egingo duten aurkezpena prestatu eta gero, herritarrei dei egin nahi diete bertaratu eta beren betaurrekoak janztera. Aurkezpenaren ondoren, txokolate jatea eta DJa izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!