Espeleologia argira

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 18a, 09:56

Espeleologia Astea abiatu zuen atzo Amarozko Mendi elkarteak, orain Espeleo Taldea ere bihurturik. Larunbatean, Euskal Herriko espeleo-rokodromo bakarra inauguratuko dute.

Espeleologia hitza entzun eta iluntasunarekin erlazionatuko du batek baino gehiagok. Amarozko Mendi Taldearen nahia ordea, oso bestelakoa da, espeleologia sustatzea. Mendi taldearen egitekoa bere sorreratik, besteak beste, Araxesko Mendi Martxa antolatzea bada ere, duela urtebete luze beste ekiteko bati heldu zion. Iñaki Alonsoren ekimenez, aurretik ere espeleologian aritutakoaren proposamenari heldu zion taldeak. Sekzioa sortu eta Iñaki Alonso bera da sortu berri den adarraren arduraduna.

Hogei lagun biltzen dira Amarozko Mendi Taldean, «lanerako gutxiago» badira ere, kontatzen du umorez Igor Urkiola mendizaleak. Hala ere, ideia berriei ekiteko gogoz jardun eta lehenengoz antolatu dute Espeleologia Astea. Atzo abiatu eta igandera bitarte luzatuko da.

Aste osoa borobildu asmoz ekitaldi ugari prestatu dituzte, tartean pelikulen proiekzioak, espeleologia argazkien erakusketa, hitzaldiak, saguzarrak entzuteko irteera edota Uzturre-Orietako kobazulora bisita. Hitzaldiak, erakusketa eta proiekzioak Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan izango dira.

ESPELEO-ROKODROMOA

Euskal Herriko lehen espeleo-rokodromoa izango du larunbatetik aurrera Tolosak. Iñaki Alonsok aitortu bezala, «oso pozik» daude lorpenarekin. Honek aurrerantzean zaletuei aukera emango die «garapen teknika bertikalak, norberaren sorospena, espeleo-sorospena» bezalako tekniketan trebatu ahal izatea. Amarozko auzoak beraz, urteetan frontoi zaharra izandakoa auzoetxean bertan, espeleo-rokodromo bilakatuko du. Erabiltzaile espezifiko eta espezializatuak izango ditu, eta ikastaroak ere eskainiko dira. Honela, guztien bilgune bihurtuko da aurrerantzean, Amarotz auzoa.

 

ESPELEOLOGIA ASTEA

Maiatzak 17-20. Espeleologia argazkien erakusketa eta Espeleofotoren proiekzioa. 18:00-20:00, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan.

Gaur, asteazkena. Lide Jimenezen (EHU-ko biologoa).hitzaldia Saguzarrak lurpeko ezezagunak, 20:00etan Bidaiarien Txokoan eta jarraian Elosegi parkera ultrasoinuen bidez saguzarrak entzutera.

Bihar, osteguna. Pelikula 20:00etan Bidaiarien Txokoan. El cobre de los vascos eta Ondarreko zuloa.grita, Maiatzak 20, ostirala. Pelikula proiekzioa Bidaiarien Txokoan, 20:00etan, Atrapados en el caos.

Maiatzak 21, larunbata. 11:00etan, Amarozko auzoetxean Espeleo-Rokodromoaren inaugurazioa.

Maiatzak 22, igandea. Uzturre-Orietako kobazulora bisita. Rapelatzen jakitea beharrezkoa da. Izen ematea: amarozkomendielkartea@hotmail.com helbidean. 09:00etan eta 11:00etan, Izaskungo ermitan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!