Izokinak askatuko dituzte, Arrainen Migrazioaren Nazioarteko Egunean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 17a, 16:58
Estibaliz Diaz, Patxi Amantegi eta Arantza Ariztimuño izan dira agerraldian.

Hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte asteburuan; Oriaren arroko iragazkortasuna aztertuko du Europako egitasmo batek, 2018ra bitarte.

Hilaren 21a Arrainen Migrazioaren Nazioarteko Eguna da, eta Tolosara bigarrenez iritsiko dira sentsibilizazio hitzordu horren oihartzunak, Oria ibaiaren bidetik. Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, AZTIk eta Ekolurrek elkarlanean antolatu dute ostiral eta larunbaterako egitaraua, eta aldundia Oria ibaiaren iragazkortasuna aztertzeko Europako proiektu batean murgildu dela jakinarazi dute, aurkezpen prentsaurrekoan.

Erreka eta ibaien konektibitateak espezie migratzaileen ugalketan eragin zuzena du eta, besteak beste, Tolosako egitasmoak horren inguruko kontzientzia sortzea du helburu. "Urte luzez egoera larrian egon zen Oria ibaia, eta espezie asko galdu egin ziren. Horregatik, foru aldundia uraren kalitatea hobetzen ari da, arrain espezie horiek birpopulatzeko", azaldu du Arantza Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiak.

Jardun horretan duela zenbait urte hasi ziren aingirekin eta, Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "orain ohikoa izaten da, iraila inguruan, aingirak errekan gora doazela ikustea, Oriaren ertzetatik, ugaltzera". Tolosarraren iritziz espezie migratzaileak "magikoak dira, oso erakargarriak" ibaiari begira bizi direnentzat. Horrela, larunbateko izokin askatzearekin etorkizun hurbil batera begira jarri nahi izan du Amantegik: "Askatzen ditugun arrainek urtebete inguru igaroko dute hemen, eta beste urtebetez itsasoan egongo dira. Hiru urte barru, beraz, izokin horiek Orian gora ikustea espero dut".

Presak, arrainen kaiola

Arrain migratzaileek ibaien korrontearen aurka igeri egiten dute, beren arrautzak erruteko baina, tamalez, badituzte zenbait oztopo, dike nahiz presak kasu. Ariztimuñok argitu du foru aldundia Europako egitasmo batean sartu dela eta, 2016tik 2018ra bitarte, Oria ibaiko presa horiek espezie migratzaileengan duten eragina aztertuko dutela: "Ikerketak ematen dituen emaitzen arabera, presa batzuk eraitsi egingo ditugu, eta oraindik erabilgarri dauden presen kasuan, haien iragazkortasuna bermatzeko lanak abiarazi beharko dira". Finean, espezie horiek ugalketaren zikloa osatzeko joan behar duten lekuraino beren kabuz iritsi ahal izatea da erakundeen helburua.

Izokinak beren habitat naturalera itzultzeko ahaleginekin batera, Arrainen Migrazioaren Nazioarteko Egunean arlo horren inguruko informazioaz blaitzeko aukera izango da, Tolosan. Ostiralean, hilak 20, 18:30etik aurrera, Estibaliz Diaz AZTIko biologo eta aingiren migrazioetan adituak Aingiren bidaia harrigarria: Sargazoen itsasoetatik Tolosaraino hitzaldia eskainiko du, kultur etxean. Ondoren, Iker Azpiroz Ekolurreko biologoa izokinek Oria ibaian gora Tolosarantz egiten duten migrazioa izango du hizpide. Sarrera doakoa izango da.

Larunbatean, berriz, nazioarteko egunarekin bat eginez, 10:30ean izango da izokinen askatzean parte hartu nahi dutenentzat hitzordua, Tolosako Armeria plazan – parke Jurasikoan–. Usurbilgo Orbeldiko presan harrapatutako ale helduen errunalditik jaiotako izokinak izango dira. Behin arrainak uretaratuta, haurrak eta familiak izango dira protagonista, etxeko txikienei begirako tailer eta jolasak antolatu baitituzte, gaiaren inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!