Etenik gabeko lanari gorazarre

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko maiatzaren 14a

San Isidro egunaren bezperako azoka probestuz, Tolosako azokako ekoizleei omenalditxoa egin diete goizean.

Dantzarien jantzi dotoreak ez dira ohikoak Berdura plazan eta Zerkausian. Gaur, ordea, galako ziren Tolosako azokako ekoizleak: bihar ospatuko dute baserritarren egun handia, aspaldiko loriak mahaiaren bueltara mugatuz.

Etenik gabeko lanari gorazarre egin dio Tolosako Udalak, eta ohorezko agurrarekin ireki dute ekitaldia, bi plazetan. Ondoren, berriz, Amaia Agirre bertsolariaren bat-bateko nahiz idatzizko literaturak biribildu du ekoizle nekaezinen omenaldia; emakume nekazarien jarduna bereziki azpimarratzeko ere baliatu du tartea Agirrek.

Maiatzaren hamabostak
baserritarren alde
egitera garamatza
ta motiboak badaude:
Baserria da euskaldun
familiaren zutabe
su bajuaren zaintzaile
ta hizkuntzaren ondare
lan amaigabeen soka
dakar atzetik halere
langile finak zarete
atseden handirik gabe
segi gertuko tratuan
altxor txiki hoien jabe
zuek hemen izateaz
gu benetan harro gaude

(Amaia Agirre)

 

Behin kultur bideko eskerrak emanda, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Nerea Letamendia azoka eta turismo zinegotzia postuz postu pasatu dira, ekoizleei kala edo garia banatzera. Etenik gabeko lana soinean izanda ere, irribarre egiteko badute nahikoa kemen baserritarrek. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!