Izeba-osaba boluntarioen sarea osatu nahi du Baketik fundazioak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 11a, 15:31
Kristina Soares Izeba proiektuko arduraduna da, Baketik fundazioan.

Tutelapean dauden gazteen behar afektiboak betetzeko Izeba proiektua aurkeztuko dute, bihar, 19:00etan, kultur etxean.

Tutoretzapean dauden gaztetxoen behar afektiboei erantzuteko egitasmoa da Izeba eta, haien bizi kalitatea hobetzeko asmoz, familia boluntarioak behar ditu Baketik fundazio sustatzaileak. Informazio saio baten bitartez, bihar bertan eskainiko dituzte Izeba proiektuaren nondik norako guztiak, 19:00etatik aurrera, kultur etxean.

2009. urtean abiarazitako bidea da Izebarena, Kristina Soares arduradunak azaldu duenez: «Garai hartan, Gipuzkoan, atzerritar adingabe asko zeuden tutoretzapean, eta haiei erantzuteko sortu genuen egitasmoa, integrazioan laguntzeko». 2012az geroztik, ordea, tutoretzapeko adingabe guztiengana zabaldu zuten proiektua.

Finean, hiru zutaberen gainean eraikitako egitasmoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiak, hainbat udalek eta familia boluntarioek gorpuzten baitute Izeba. Bide horretan, beraz, Tolosako eta inguruko boluntario sarea osatzea izango da gaurko hitzaldiko helburua, Baketik fundazioaren aldetik.

Aukera berri bat

Pisu tutelatuetan bizi diren haur eta gaztetxoei familia giroa eskaintzea alternatiba bilakatzen da, adopzioaren edo harrera familien aurrean: «Boluntarioek beren denbora librearen zati bat eskaintzen diete gaztetxoei eta, beraz, afektiboki inplikatzea baino ez du eskatzen Izebak, astean zenbait orduz», dio Soaresek.

Egitasmoa martxan jarri zutenez geroztik, guztira 130 neska-mutil pasatu dira Izeba proiektutik eta, Soaresek nabarmendu duenez, «horietako 93k oraindik familiarekin harremana izaten jarraitzen dute, tutelatuak ez izan arren».

Horren harira, Izeban boluntario aritzen diren esperientzia «oso ona» izaten dela azpimarratu du arduradunak, herritarrak animatuz: «Pauso garrantzitsua da denbora gutxi kentzen duen arren, baina familiek oso positiboa dela diote, eta uste baino errazagoa suertatzen zait behar afektibo horiei erantzutea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!