«Jokalari, zaletu, zuzendaritza eta ingurukoentzat sari bat da»

A. Imaz 2016ko mai. 11a, 11:20

Argazkian, Alex Nogues entrenatzailea

Alex Nogues (Errenteria, 1969) Tolosa Eskubaloi taldeko entrenatzailea igoera fasearen erronkarako prest dago.

Eskubaloian lehen mailari Asobal Liga deitzen zaio, eta bigarrenari Ohorezko Zilarrezko Maila. Futbolean, adibidez, lehen mailan Eibarrek edo Realak jokatzen dute. Bigarren mailan, Osasunak edo Alavesek. Eskubaloian Asobal Ligan Anaitasunak edo Bartzelonak jokatzen dute. Ohorezko Zilarrezko Mailan, berriz, Tolosa Eskubaloiak joka lezake hurrengo denboraldian. Horretarako igoera fasea irabazi behar du; maiatzaren 27tik 29ra jokatuko da, Tolosan. 

Herenegun egin ziren igoera faserako zozketak. Lehen albistea: Tolosak multzo bateko partidak hartuko ditu.
Lehen albiste positiboa: egoitza Tolosara ekarri izana.

Espero al zenuten?
Espero baino gehiago desiratu egiten genuen.

Nola erabakitzen dira igoera faseko egoitzak?
Faktore asko daude. Hasteko, zenbat eskatzaile dauden ikusi behar da, eta bakoitzak zenbat eskaintzen duen. Enkante moduko bat egiten da.

Ehizean postuekin egiten den bezala?
Hori da. Zuk ez dakizu besteek zenbat eskaini duten. Zozketa eguna iritsi arte ez dakizu zure eskaintza hiru onenen artean dagoen edo ez.

Hamabi talde, hiru multzo, hiru egoitza, eta hiru postu: multzo-buruak bakarrik igoko dira.
Maiatzaren 27tik 29ra, Tolosan lau talderen arteko ligaxka jokatuko da. Hiru egunetan, talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu, eta lehen postuan gelditzen denak, hurrengo denboraldian Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatuko du.

Bigarren albistea: aurkariak.
Cordoba, gure antzera, euren ligako irabazle bezala. Ondoren, Sant Quirze eta Chapela, bigarren sailkatuak. Okerragoa izan zitekeen zozketa, baina oso zaila izango da. Cordoba igotzeko hautagai nagusi bezala jotzen zen hasieratik. Sant Quirze kataluinarrak dira, eta aukeran ez genituen nahi gurekin.  

Esperantza?
Final guztietan bezala, hor zaudenean, esperantza izaten duzu. Bi aste ditugu aurretik, dena ongi prestatzeko. Baina hau, ez da ahaztu behar, sari bat dela, jokalari, zuzendaritza, zaletu eta inguruko herri guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!