Tolosa, igoera fasean pentsatzen

Mikel Iraola 2016ko mai. 9a, 18:28

Tolosan jokatuko da igoera faseetako bat, maiatzaren 27tik 29ra. Kordoba, Chapela eta Handbol Sant Quirze izango ditu aurkari talde urdinak. 

"Lortu dugu". Horiexek izan dira Juan Martin Amiano, Tolosa Eskubaloiko presidentearen lehen hitzak zozketako emaitza jakin bezain pronto. Izan ere, tolosarren helburua bigarren mailarako igoera fasea etxera ekartzea zen, eta "lan asko egin eta gero", Tolosa izango da egoitzetako bat. 

Gaur arratsaldean egin dute igoera faseko zozketa, Madrilen. Hara begira ziren tolosarrak, pasa den astean liga irabaztea lortu zutenetik. Begiak ez ezik, orain burua ere jarri dute fase horretan, ezagutzen baitituzte aurkariak: Kordoba, Chapela (Galizia) eta Handbol Sant Quirze (Herrialde Katalanak). 

Hiru aurkariak "oso talde indartsuak" direla ohartarazi du Amianok: "Fasea irabaztea oso zaila izango da, baina lehiatzera goaz. Halaber, polita izango da horrelako mailako fase bat gure herrian ikustea. Sekula ez dugu horrelako aukerarik izan. Gainera, gure jokalari asko azterketa garaian murgilduta izango dira, eta ez bidaiatzea mesedegarria izango da. Eskualdeari ere inpaktu ekonomiko handia eragingo dio, jende asko mugituko baita fasearen bueltan". 

Maiatzaren 27an, Tolosak eta Chapelak ekingo diote igoera faseari, beraiek jokatuko baitute lehen partida, arratsaldez. Ondoren jokatuko dute gainerako bi taldeek. Larunbat arratsaldean jokatuko da bigarren jardunaldia, eta igandean, goizez, azken bi neurketak.

Porrota, ligako azken partidan

Larunbatekoa anekdotikoa izan zen. Emaitza bai, behinik behin. Izan ere, askoren oroitzapenetan iltzatuta geratuko da liga amaierako festa, Usabal bete zuten zaleekin batera gozatzeko eguna izan baitzen. Baita egin ere. 

Igoera fasean pentsatzen ziren tolosarrak. Ez zen neurketarik onena izan. Aldaketa ugari egiteko baliatu zuen aukera Alex Noguesek. Hasieratik nagusitu ziren usurbildarrak eta atsedenaldira ere bi goleko errentarekin iritsi ziren: 12-14. 

Zaleei garaipena oparitu asmoz, bigarren zatian indar gehiagorekin irten ziren kantxara urdinak, eta lanaren lanaz, markagailua irauli zuten. Bost minuturen faltan 29-25ekoa zen emaitza. Epaileen erabakiak tarteko, Usurbilek berdinketa lortu zuen, eta tentsio biziko azken minutuetan aurretik jarri zen. 30-31 amaitu zen partida.

Harrobia ere bikain

Asteburuak albiste on gehiago utzi ditu klubarentzat, izan ere, Asier Zubiria eta Dani Mendinuetak gidatutako kadete mutilen taldeak Gipuzkoako Kopa irabazi du. Ander Urangaren infantil mutilek ere Gipuzkoako Txapelketako final aurrekoak jokatuko dituzte datorren asteburuan. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!