Hirigintzaz hausnartu dute Tolosan egindako WhatsArt egitasmoaren laborategian

Ataria 2016ko maiatzaren 7a

Tolosan egindako laborategiaren une bat.

Gazteei zuzendutako egitasmoa da WhatsArt, Donostia 2016ren proiektua, eta Tolosan laugarren saioa egin dute. Gazteek egunerokotasunean dituzten arazo eta erronken inguruko hausnartze prozesu bat garatzea eta gero hori guztia artearen bidez adieraztea da helburua.

Kultiba enpresa hari da dinamizatzen egitasmoa, eta bertako kidea den Andoni Lastrak azaldu duenez, "guretzako esperientzia polita izaten ari da. Gazteek gogoz hartu dute proiektua, eta eskertzen dute beraiek izatea egitasmoaren protagonistak eta erabakiak hartzea".

Lehenengo bi saioetan hausnarketak egin dituzte, eta ondorengo hiruetan laborategiak egiten ari dira. Hernanin dantza izan zen gaia, Tolosan Hirigintza eta hurrengoan ikus-entzunezkoa izango da. "Bigarren fase batean, sorkuntza fasean, guzti honen inguruko artelan bat egingo dute, azkenean haien erronka artearen bidez adierazteko", esan du Lastrak. "Hirugarren fasea izango da sortutakoa gizarteratzea, egindako lana erakutsiz".

Lander Velazquez billabonatarra da WhatsArt egitasmoan parte hartzen ari denetako bat. "Kultura arloa asko gustatzen zait, musika, dantza eta ikus-entzunezkoak lotzen dituzten proiektuak, eta horregatik eman dut izena". Tolosan Alde Zaharra izan dira, ikusten zer egon daitekeen hobetzeko. Egitasmoaren balantze "oso ona" egiten ari da Velazquez: "Jendea ezagutzea asko gustatzen zait, eta horrelako proiektuak gustatzen zaizkigun pertsonak elkartu gara hemen".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!