Energiak ere pobrezia sortzen du

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 6a, 10:33

Tolosako Udaleko eta TLHIko ordezkariek aurkeztu zuten, atzo, egitasmoa.

Tolosako pobrezia energetikoa neurtuko dute proiektu pilotu baten bitartez; 11 etxebizitza aztertuko dituzte, guztira

Proiektu pilotu batek Tolosako pobrezia energetikoa aztertuko du, datozen asteotan. Tolosako Udalak Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuarekin batera abiarazitako egitasmoa da, eta ekainean plazaratuko dituzte ikerketaren ondorioak. Patxi Amantegi ingurumen zinegotziarekin batera izan dira, aurkezpen agerraldian, Iñigo Muñoz ingurumen teknikaria, Maite Serrano gizarte zerbitzuetako arduraduna eta Joxe Mari Elola TLHIko zuzendaria.

«Etxeko gutxieneko premiak asebetetzeko zerbitzu energetikorik eskuratu ezin izatea» da pobrezia energetikoa, Iñigo Muñozek azaldu duenez. Horrekin batera, etxebizitza bateko diru sarreren zati handiegi bat gastu energetikora bideratzea ere pobrezia energetikotzat jotzen da. Bide horretan, aipatzekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014. urteaz emandako datuak: 1.238 eurokoa izan zen, bataz beste, Gipuzkoako familien energia faktura.

Argindarraren eta gasaren truke diru kopuru hori ordaindu izanagatik, 2014an hainbat etxe gipuzkoarretan ezin izan zuten gutxieneko zerbitzurik kontratatu: 24.300 familia inguruk ez zuten berogailurik jartzeko aukerarik izan hilabete hotzenetan, 18 gradura iristeko.

Errealitate horren eragileak hainbat izan daitezke, baina bat nagusitzen da ia beti: diru sarrerak. Baliabide ekonomiko murritzak dituzten bizikidetza unitateek ezin diote energiaren prezioari aurre egin: «Gainera, azken urteotan ia bikoiztu egin da energiaren prezioa», dio Amantegik. Egia gordin horren soka luzea da, gainera, eta diru sarrera txikiek etxebizitzak energetikoki efiziente izateko neurriak hartzeko ezintasuna ere ekartzen die herritarrei.

Kontuak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko azterketa hori Tolosara egokitu, eta orain arte egin gabeko neurketa batean buru-belarri hasiko dira udala eta ikastetxea. Horretarako bizikidetza unitate edo familia eredu anitzak hartu dituzte lagin moduan, gizarte zerbitzuen laguntzaz, eta, guztira, 11 etxebizitza bisitatuko dituzte datozen asteotan.

Duintasunerantz pausoak

Maite Serrano gizarte zerbitzuetako arduradunak profil desberdinen garrantzia azpimarratu nahi izan du, 11 etxebizitza horiek aukeratzerakoan. Horrela, etxebizitzen ezaugarriak, zonaldea, familiaren ezaugarriak nahiz egoera ekonomikoa kontuan izan dituzte hautatze prozesuan.

Etxebizitzen ezaugarriei begira jarriz gero, jabetzako hiru etxe aztergai izango dira eta, gainerakoak, alokairu etxebizitzak izango dira; babes ofizialeko lau, baserri bat, partekatutako bi etxebizitza eta bestelako bat.

Pobrezia energetikoak Tolosan duen oihartzuna aztertze horretan, udalak eta lanbide heziketa institutuak beharrezkotzat jo dute zonaldeak zehaztea ere. Horrenbestez, Amarotz auzoan, Uzturre kalean, Larramendi auzoan, Errementari kalean, Gudari kalean, Agintari kalean, Urkizu auzoan eta Zuberoa auzoan ariko dira lanean.

Azkenik, etxebizitza horietako diru sarrerak bermatzen dituzten errealitateen gainean ere jarriko dute fokua, bikote, pertsona bakar zein familia izanda: pentsiodunak, prestazionistak eta bestelakoak izango dira herritarrak.

Ikerketaren oinarri horretan, TLHIko gazteak ariko dira lanean: «Ez dugu zalantzarik izan proiektu honi baiezkoa emateko, ikastetxeko irakasgai zehatzez gain, zeharlerroak lantzea ezinbestekoa zaigulako», azaldu du Elolak.

Bide horretan, erdi mailako instalazio elektriko eta automatikoko ikasleak eta goi mailako instalazio termiko eta mantentzeko ikasleak elkarrekin ariko dira egitasmo honetan.

Fakturak aztertzeari ekin diote jada, eta etxebizitzetara bisitak egiten hasiko dira laster: gailu elektrikoak, berokuntza sistemak, ohiturak, ur kontsumoa nahiz isolamendua aztertuko dituzte.

Behin lana biribildutakoan, 11 etxebizitzetako herritarrei aurrezteko gomendioak eskainiko dizkiete, batetik, eta emaitza guztiak plazaratuko dituzte, bestetik, ekainean. Datuok aurrera begira lanerako erreferentzia izatea da udalaren helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!